Julen Telleriak aurkeztutako 'Gaupasa' late night saioa estreinatuko dute gaur ETB1-en
Astean hirutan emango dute, eta Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Antton Telleria, Janire Atxurra eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira kolaboratzaileak besteak beste.
Gaur gauean, 22:15etik aurrera, hasiko da Julen Telleriak aurkeztutako saio berria: Gaupasa. Entretenimendua, elkarrizketak eta umorea izango ditu osagai nagusiak, eta 70 minutuko iraupena izango du.
Gonbidatu bat izango da atal bakoitzean, eta zenbaitetan baita bi ere. Jende ezaguna zein lanbideagatik nabarmena den jende anonimoa ere gonbidatuko dutela aurreratu dute.
Kolaboratzaileen artean aktore eta umoregile ezagunak izango dira: Aitziber Garmendia, Miren Nogales, Antton Telleria, Jon Plazaola, Ainhoa Etxebarria, eta Mikel Bermejo. Zuhaitz Gurrutxaga, berriz, New Yorketik arituko da. Horiez gain, Janire Atxurra, Iñigo Aranburu eta Irati Erauskin eduki sortzaileek ere parte hartuko dute.
Zuzeneko musikak ere garrantzia izango du saio berrian. Euskal Herriko hainbat musikari bertaratuko dira eta Luis Mari Moreno Pirata, Jon Viejo eta Igor Telletxeak osatutako Gaubanda izango da platoan.
Gorka Larrunbide da saioaren zuzendaria, eta Ana Goitia, Alex Padilla eta Malen Altuna ari dira, besteak beste, gidoilari lanetan.
Gaupasa astearte, asteazken eta ostegunetan emango dute, 22:15etik aurrera, ETB1en eta ETB ON plataforman. Zazpi aste iraungo ditu, eta irailean bueltan izatea aurreikusten dute.