Julen Hernandez: "Maitasun gutunak eta sexu proposamenak bidaltzen dizkidate noizbehinka"
Julen Hernandez (1992, Donostia) kazetariak bideoak sortzea, bidaiatzea eta komunikatzea du maite. Afizio horiek HolaJulen YouTube kanal arrakastatsuan jartzen ditu astero praktikan.
Zergatik hasi zenuen HolaJulen YouTube kanala?
Txikitatik ibili izan naiz kamera eskuartean dudala eta komunikazioaren munduko beste alor bat ezagutu nahi nuen.
Zer eman dizu YouTuben egoteak?
Ikasle soila izatetik aktore, ekoizle, gidoilari zein publizista izatera pasa naiz. Jende interesgarri asko ezagutu dut, asko bidaiatu dut, ipuin bat ere argitaratu dut, marka dezenteren ekitaldietara joan naiz eta udan estatuko hainbat hiritako antzokietan izango naiz Summerplay Tour biraren baitan beste hainbat youtuber-ekin batera.
Eta zer kendu dizu?
Denbora asko inbertitu dut proiektu hontan.
Nola prestatzen dituzu bideoak?
Ideia bat bost minutuko bideoa izateko egokitu behar da. Eta kontutan izan behar da bakarrik edo beste norbaitekin grabatu behar duzun, bideoa egiteko askatasuna duzun edo marka batek eskatu dizun...
Posible al da laguntzarik gabe sarean arrakasta lortzea?
Bai. Ikuslegoarekin konektatzea lortzen bada eta maiztasun jakin bat jarraitzen bada bidea egina dago.
Zein da zure pasioa?
Nire bideoek norbaiti irribarrea atera diotela jakitea.
Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke?
Nire pasioari errentagarritasuna ateratzea.
Egin al dizute YouTube kanala dela-eta proposamen zororik?
Maitasun gutun eta sexu proposamenak bidaltzen dizkidate noizbehinka.
Zer egingo zenuke Internetik gabe?
Kontatu nahi dudana kontatzeko beste bideren bat bilatu.
Zer eramango zenuke irla desertu batera?
Liburu asko, iPod-a eta kamera.