Julen Aginagalde: "Kirolean ere, ezberdintasunak ez dira onak"

Hogeita hamar urte bete berri ditu, eta eskubaloiaren gorenera heldu da. Pibot lanetan paregabea, handia eta sendoa da, euskaldun peto-petoa.



Bigarren denboraldia du BM Athletico de Madrid taldean, eta bigarrenak dira Asobal ligan, iaz txapelketa amaieran bezalaxe. Hitz gutxiko mutila da, edo hala iruditu zaigu, zuzen eta labur erantzuten duen horietakoa. Baina, ona laburra bada, bi aldiz ona, ezta? Esaera zaharra bete egiten da Julen Aginagalderen kasuan, Nazioarteko Eskubaloi Federazioak ematen duen Munduko Jokalari Onenaren Saria eskuratzeko izendatu baitute aurten, nazioarteko beste lau jokalarirekin batera.

Badakit zail ikusten duzula lortzea, baina zerrendan egote hutsa lorpen handia da, ezta?
Bai, bai, zalantzarik gabe! Oso pozik nago.

Urtarrilaren 29an jakingo dugu irabazlearen izena, Munduko Eskubaloi Txapelketa Bartzelonan jokatzen den bitartean. Non izango zara zu egun horretan?
Ba sari banaketa ekitaldian egotea espero dut! –barrez– Uste dut finala baino egun batzuk lehenago izango dela, eta nola ez, finalean ere egon nahiko genuke, zaila izango dela badakigun arren.

2010-2011 denboraldian, halaber, Asobal Ligako jokalari onenaren eta pibot onenaren garaikurrak jaso zenituen, eta denboraldi honetan jokalari onenarena jaso duzu berriz ere. Bakarkako izendapen asko dira… Nola hartu dituzu?
Arraroa egiten zait, aitortu beharra dut. Argi dago horretarako lan egiten dudala, baina, iristen direnean, kosta egiten zait horiek asimilatzea.

Eskubaloian adituak ez garenok kokatzeko… Zer zara, eskubaloiko Messi-a?
Ez, ez, ezta pentsatu ere –barrez–. Ezberdintasunak ikaragarriak dira. Bera kristoren jokalaria da, dena egiten du, baloia jaso eta gola sartu! Nik, nire postuan, laguntza behar dut edozertarako…

Hain zuzen hori galdetu behar nizun, zeintzuk diren pibot postuaren ezaugarri nabarmenak.
Beno, garrantzitsuena gola sartzea da, baina era berean penaltiak lortzea, kanporatzeak probokatzea eta lagunentzat blokeoak egitea ere ezinbestekoa da, haiei ere bideak irekitzeko.

Eta zeintzuk dira Julen Aginagalde pibotaren indarguneak?
Uste dut besteek esan beharko dutela, ni ez naiz egokiena horretarako. Gainera, telebistan ikusten dudanean nire burua, ez zait batere gustatzen nola jokatzen dudan, kosta egiten zait nire burua ikustea.

Eta alderdi ahulenak? Hori agian errazagoa egingo zaizu…
Ba… beharbada defentsa. Urte asko daramatzat jokatzen, baina azken aldian ez dut asko defendatu, eta orain kosta egiten zait, ohitura falta. Baina pixkanaka ari naiz hori lantzen, eta ea hobetzen dudan.

Partiden aurretik kontzentratzeko trikimailurik ba al duzu? Badakit Juan Luis Guerraren musika entzutea gustatzen zaizula eta, ez dakit, hori kaskoetan jarrita urduritasunak albo batera utziko dituzu akaso…
Ez, ez, egia esan, gauza gutxi egiten ditut kontzentratzeko. Urteak pasatu ahala, maniak gutxitzen saiatzen ari naiz; hasieran ez nuen bat ere, gero zenbait hartu nituen, eta orain denak albo batera uzten ari naiz. Lan gehiegi ematen dute, azkenean zoratuta amaituko dut!

[Gurutz Aginagalde ere, Julenen anaia, eskubaloi jokalaria da, Naturhouse Logroño taldeko atezaina. Bi anaiak Irungo Bidasoa taldean hasi ziren jokatzen, eta Julen lehen taldera igo zenean, bertan zuen anaia aholkuak emateko.]

Aparteko laguntza izango zen lehen urratsak egiteko…
Ona ez, oso ona. Niretzako oso garrantzitsua izan zen, eta asko irakatsi zidan.
 
Azken batean, haren partidak ikustearen poderioz hasi zinen zu honetan, ezta?
Bai, ni baino bost urte zaharragoa da, eta partida guztiak ikustera joaten nintzen gaztetxoa nintzela. Atsedenaldietan baloiak hartu eta botilariei botatzen genizkien, frogak egiten. Eta pixkanaka ni ere zaletzen hasi nintzen. Berea da erru guztia.

Eta, bien arteko pikerik al dago?
Bai, bai, gainera larunbatean elkarren aurka jokatuko dugu –elkarrizketa abenduan egin genuen–. Asobal Kopa jokatzeko zozketan hala suertatu da, bion taldeak elkarren aurka lehen partidan aritzea. Polita izango da, nahiago genuke finala izango balitz, baina tira…

Baina beste kirol bat hartzekotan arrauna aukeratuko zenuela irakurri dut nonbait… Aitagatik izango da, ezta?
Aitak eta osabak Ama Guadalupekoan –Hondarribiko arraun taldea– egin izan dute arraun betidanik, eta niri ere asko gustatzen zait. Eskubaloian hasi izan ez banintz, ni ere han nintzatekeen.

Kirol zalea zara, gero!
Ba bai. Zer egingo diot ba?

Oin handiak omen dituzu…
–Barrez hasten da–. Bai, bai, bai… 50 zenbakia. Eskerrak orain Adidasekin kontratua dudan, eta zapatilak haiek bidaltzen dizkidaten... ordura arte, a ze komeriak! Jokatzeko oinetakoak eta kalekoak ere aurkitzeko nahikoa lan…

Zure ibilbideko inflexio puntuak errepasatuko ditugu labur-labur. Esaterako, Bidasoan hasi eta zazpi urte egin zenituen bertan; oraindik lotura berezia mantentzen duzu taldearekin.
Nire betiko taldea baita, nolabait esatearren. Haurra nintzenetik jarraitzen dut, bertan jokatu nuen urte luzez, orain zaletua naiz eta noizbait bertara itzultzea gustatuko litzaidake. Eta noski, Irunen izaten naizenetan haien partidak ikustera joaten naiz. Taldea asko aldatu da, baina oraindik badabiltza nirekin aritutako batzuk.

Etxetik Ademar taldera egin zenuen salto 2006an hiru urtetako kontratuarekin eta jokalari moduan hobetzeko helburuz.
Garai hartan jende gazte askok jokatzen zuen Ademarren, entrenatzaile onak zituen eta pauso hori emateko une egokia izan zen. Oso gustura egon nintzen, eta aurrera egiten lagundu zidan. Etxetik irteten nintzen lehen aldia zenez, hasieran gogorra egin zitzaidan, baina kanpora joatearena oso positiboa da, eta edonori gomendatuko nioke.
 
Ondoren Ciudad Realera, 2009-2010 denboraldiko Asobal liga irabaztera.
Bi urte horiek oso onak izan ziren, eta nire ibilbidean ikaragarrizko aurrerapausoa eman nuen, bai jokalari moduan eta baita maila pertsonalean ere. Tituluengatik borrokatu baina ezer ez lortzetik,   horiek irabaztera pasatu nintzen. Liga perfektua egin genuen 30 partidak irabazita, ikaragarria izan zen, denbora luzez gogoratuko dudan lorpena.

2011n, Ciudad Real taldeak, BM Athletico de Madrid bilakatuta, Espainiako hiriburura lekualdatu zituen zelaia eta instalakuntzak. Uneotan bigarrenak zarete Asobal Ligan, FC Barcelona Interesport-en atzetik. Iaz ere halaxe amaitu zenuten…
–Hasperen egiten du– Ba bai, uneotan hiru puntuko aldea ateratzen digute eta haiek gainditzea ez dago gure esku. Hala ere, onena ematen saiatuko gara jardunaldi bakoitzean, haiek puntuak nonbait galduko dituzten esperantzaz. Errebantxa hartzeko gogorik ez zaigu falta, eta Asobal Kopa moduko txapelketek horretarako balio dute, ligatik kanpo indarrak neurtzeko.

[2008ko Beijingo Olinpiar Jokoetara joan gabe geratu zen erabaki teknikoak tarteko, baina iaz, 2012an, Londresen izan zen Espainiako Selekzioarekin. Ez zuten dominarik eskuratu, aurreko lau urteetan ez bezala.]

Ez zenuten esperotako emaitzarik lortu, baina kirolari ororen ametsa bete zenuen, ezta?
Bai, kirolaren dimentsioa zenbatekoa den ikusteko balio izan zidan. Orain, atzera begiratutakoan, damutu egiten naiz pixka bat gehiago ez emateagatik eta final laurdenetan gelditzeagatik; dominarena pena izan zen, baina tira, uste dut txapelketa polita egin genuela, eta oroitzapen onak ditut. Kirolariok dena egiten genuen elkarrekin, eta igualen artean sentitzen ginen; hori izan zen politena, ezberdintasun gabezia hori.

Frantziak lortu zuen urrezko domina. Sekula pentsatu al duzu bertara ala urrutirago jokatzera joatea?
Ez dago jakiterik! Orain kontent nago hemen, baina mugitzea positiboa da kasu guztietan, eta nork daki, agian noizbait joango naiz!

Jokalari profesionala zara, eskubaloia da zure ogibidea, baina beste kirolari askok ez dute zorte hori. Nola ikusten dituzu kirol batetik bestera sortzen diren aldeak profesionalizazioari eta erakundeen babesari dagokionez?
Askoz hobea litzateke alde horiek murriztea eta denak maila berean jartzea; azken finean, nork bere alorrean ahal duen guztia ematen du, eta edozertan bezalaxe, kirolean ere ezberdintasunak ez dira onak. Dena den, ez dakit zein litzatekeen hori lortzeko bidea.

Zein izan da zuretzako eskuratu duzun titulurik esanguratsuena? Eta noizbait eskuratzea gustatuko litzaizukeena?
Asobal Ligako garaipena izan dela esango nuke, eta domina olinpikoa edota Champions Leaguea lortzea gustatuko litzaidake.