Juan Carlos Perezen eta Kirmen Uriberen 'Saturraran' opera estreinatuko da Bilboko Arriaga antzokian

Elkar maitatzerik ez duten bi emakumeren kontakizuna egiten du operak. Bihar eta larunbatean izango dira emanaldiak.

Saturraran opera garaikidearen mundu mailako estreinaldia izango da egunotan Bilboko Arriaga antzokian. Juan Carlos Perezek konposatu du eta Kirmen Uribek sortu du euskarazko libretoa. Elkar maitatzerik ez duten bi emakumeren kontakizuna da opera, "giro tragikoko ikuskizuna, baina baita oso iradokitzailea eta hunkigarria ere".

Elezahar batek dio Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale direla. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten eta uretan ito ziren maitaleak. Itsasotik bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez.

Sortzaileek azaldu dutenez, "libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia" da Saturraran. Hauxe da operaren nondik norakoa: "80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maitemindu ziren. Heroinaren zurrunbiloak harrapatu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartu zuten babesa. José, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da. Desberdina den hori onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera…".

Lucia Astigarraga arduratu da zuzendaritza eszenikoaz, eta estetika abstraktu baten alde egin du. Eszenografian Philip Rubner alemaniarra aritu da, eta Ibai Labega figuringileak egin ditu jantzien inguruko lanak. Argiztapena, berriz, Alberto Rodriguezek egin du.

Jon Malaxetxebarria da zuzendaritza musikalari heldu diona, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatu duena. Zortzi ahots solistak interpretatzen dute opera: Elias Arranz, Andrea Jimenez, Marife Nogales, Jose Manuel Díaz, Botond Odor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernandez. Bilboko Koral Elkarteko 40 koralistak baino gehiagok ere parte hartuko dute, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.

Bihar, hilaren 20an, 19:30ean, izango da estreinaldia, eta larunbatean, hilaren 22an, beste behin ikusi ahal izango da, 19:00etatik aurrera. ikuskizuna euskaraz interpretatuko da, eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaintituluak izango ditu.