Joxe Aldasoro, Iker Tubia, Ainara Tirapu, Ventura Ruiz, Rakel Pardo eta Malen Alzuart dira Iruñeko egile berrientzako literatur lehiaketaren irabazleak
Saritutako lanak Egile Berriak bilduman argitaratuko dira.
Hemezortzi lan aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak antolatutako egile berrientzako euskarazko XXXII. Literatur lehiaketan, erdiak narrazio laburrak eta beste erdiak poemak. Lehiaketaren helburua euskarazko literatur sorkuntza sustatzea da, argitaratutako lanik ez duten Nafarroako egileen edo foru-komunitatean bizi diren egileen artean.
Narrazio laburreko modalitatean, Joxe Aldasoro Jauregik irabazi du lehen saria, Biyer egueldi lanagatik. Angel Erro idazleak, Amaia Apalauza itzultzaile eta euskaltzainak eta Jon Alonso idazle eta itzultzaileak osatutako epaimahaiak egileak erabilitako "hizkuntza bizia eta jostaria" nabarmendu du eta baita "protagonistaren itolarria, egonezina eta larrimina" oso ondo islatu izana ere.
Bigarren saria Iker Tubia Barberiarentzat izan da, Puxika baten puskak narrazioagatik. "Egileak bikain txirikordatu eta josi ditu elkarren osagarri diren hiru istorio, izenburuan berean iradokitzen den bezala, eta irakurlearengan harridura piztu. Gaur egungo gizartearen arazoak jarri ditu mahai gainean, hala nola prekaritatea, indarkeria edo matxismoa; eta hori guztia hizkuntza zuzena erabiliz, artifiziorik gabea baina dotorea", azaldu du epaimahaiak.
Hirugarren saria, berriz, Ainara Tirapu Nuinen Ñiki, ñiki lanarentzat izan da. Epaimahaiaren hitzetan, "egileak parez pare jarri ditu guztiz kontrajarriak diren bi egoera, tarteka umoreari eta esajerazioari ere lekua eginez eta aditzera emanez ekintza txikiek ondorio handiak izan ditzaketela".
Poesian sariak eta aipamenak
Lehen saria Ventura Ruiz Gomezek jaso du, Heriotza likidoa lanagatik. Bigarren saria Rakel Pardo Perezentzat izan da, Poesia kabi eta hilobi lanagatik. Hirugarrena, aldiz, Malen Alzuart Aranburuk irabazi du Bazaren heinean paradoxa zara lanarekin.
Hiru aipamen berezi ere izan dira: Itziar Aguirre Sagasetari Sartu ez dena ezin atera lanagatik; Iñigo Satrustegi Andresi Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat lanagatik, eta Odei Ruiz Sarriasi, Ilaunak poemarengatik.
Lanen argitalpena
Lehen hiru sarituek 2.500, 1.000 eta 500 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, eta aipamen berezia izan dutenek, berriz, 250 euro. Saritutako lan guztiak eta aipamenak Udalak udaberrian sarituen parte-hartzearekin aurkeztuko duen Egile Berriak bilduman argitaratuko dira.