Joxan Oiz Arrutik irabazi du (H)ilbeltza beka

'Zorigaiztoko' izeneko proiektua hautatu du epaimahaiak eta berau liburu bihurtzeko garapenari helduko dio orain.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak VII. (H)ilbeltza bekaren deialdiaren irabazlearen berri eman dute: Joxan Oiz Arruti donostiarra. 

Epaimahaia Joseba Otondo Baztango alkateak, Eneko Barberena (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute. Zorigaiztoko lanaren lagina saritu dute, XIX. mende hasierako Donostian kokatzen dena. Epaimahaiak adierazi duenez, "laginean nabari da idazleak dokumentazio lana eta garaiaren prospekzio ariketa egin duela. Garai soziala eta abiapuntua iradokitzailea da, eta kasu honetan ukitu historikoa kritika sozialarekin uztartzea nobela on baten abiapuntua izan liteke. (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat egiten du eta hizkera landua erabiltzeak proiektua indartzen du".

Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu orain, eta gainerako 3.000 euroak lana amaitzean eskuratuko ditu. 2024ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.

Joxan Oiz Arruti (Donostia, 1968) Euskal Filologian lizentziatua da eta gaztetan euskal prentsan ibili zen kolaboratzaile, kazetari eta zutabegile Argian eta Euskaldunon Egunkarian. 1992. urtetik irakaskuntzan ari da. Unibertsitatearen eta ikastolen inguruko ekimen eta mugimenduetan ere ibili izan da. Beñat Dardo nobela eta Bidasoa poesia eta argazki-liburua argitaratu zituen 2006an.