Jousilouli Terrorismo musikala
Jousilouli taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du hil honetan. "Terrorista" izango da diskoaren izenburua; probokazio hutsa, haien musika bezala. Gipuzkoarrek lan honetan, besteak beste, funk ukitua eman diote beren betiko estilo gogorrari.
Uda ondoren kaleratu behar zenuten diskoa, baina azkenean atzeratu egin da. Zergatik?
Hilabete baterako sartu ginen Shot! estudioan, eta grabazioa nahiko azkar joan zen. Abestiak nahasteko lau egun besterik ez zitzaizkigun gelditu, eta oso zaila zen denbora horretan zerbait egitea. Xehetasun eta elementu asko daude grabatuta, eta ez genuen dena azkar eta presaka nahastu nahi.
Pozik al zaudete konposatutako kantu berriekin?
Bai. Denbora asko izan dugu, eta abestiei buelta asko emateko aukera izan da. Kantuei azken ukitua ematea izan da gehien kostatu zaiguna: dena finkatzea. Baina pozik gaude emaitzarekin.
Zer aurkituko dugu disko berrian?
Lehenengo diskotik aldaketa dago. Afinazioak aldatu ditugu, eta sintetizadoreak protagonismo handiagoa du... oro har, abesti aberatsagoak dira. Gauza desberdin asko daude. Nire ustez, nahiko disko freskoa da, tarteka esperimental samarra. Hip hop gutxiago dago, eta abesti batzuk lasaiagoak dira... taldeak egun bizi duen momentua islatzen du diskoak.
Kolaboraziorik ere bada...
Bai, asko. Besteak beste, hor egon dira Gorka Berri txarrak, El Drogas, Juan SA, Juanito Ekon, Mermaid-eko abeslaria, Ira et Decessus-eko Fresh, Iker Bulma, Rakel Bad F line, Aitor Gorosabel...
Zaila izango zen musikari guzti horiek koordinatzea. Maketarik bidali al zenieten?
Batzuei bai. Aitor Gorosabeli, adibidez, bidali genion. Su ta Gar-en bertsio bat egin dugu, baina gure erara, eta pentsatu genuen polita izango zela berak kantatzea. Bere ohiko erregistrotik atera dugu: ez dirudi bera denik. Kolaboratzaile guztiak haien esparrutik ateratzen eta gurera ekartzen saiatu gara.