Jostailuak Lesboseko haurrentzat

Donostiako Morlans auzoko elkarteak eta Zaporeak bat egin dute jostailu bilketa osatzeko; ostiral honetan jasoko dituzte, 17:00etatik 19:00etara.

Aurreko ostiralean hasi zuten jostailu bilketa, eta honetan ere egingo dute, hilaren 15ean, hain zuzen. Lesboseko haurrek jostailuak jasotzeko ekimena Donostiako Morlans auzoan jaio da, eta Zaporeak elkartearekin batera gauzatu dute; jostailu bilketa Morlans auzo elkartean egingo dute, 17:00etatik 19:00etara.

Aurretik Gurutze Gorriarekin elkarlanean aritu ostean, Morlans auzo elkarteak duela laau urtetik hona darama Zaporeak elkartearekin ekimen hau antolatzen. Arduradunen esanetan, jostailuen bidez Lesboseko haurrek bizi duten egoera gordina apur bat arindu eta entretenitzea da proiektuaren helburua. Auzo elkartekoak bildutako objektu guztiak kaxetan sartzeaz arduratuko dira, eta Zaporeakekoek hilaren 16an jasoko dituzte kaxak. Jostailu berriak zein bigarren eskukoak onartzen dituzte.