Josevisky komikilariaren erakusketa, iraila osoan zehar Irungo Kabigorri ateneoan

Gasteizen hasi eta Lasartetik pasatu ondoren, 'Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria' izeneko erakusketaren bira Irunen amaituko da. Azken bost urteetan Joseviskyk egindako komikien aukeraketa bat da.


Matraka, Nabarra eta Aldiri aldizkarientzat egin ohi ditu lanak Josevisky izen artistikoa darabilen Joseba Larretxe komikigileak. Hain zuzen ere argitalpen hauetan azken bost urteetan plazaratutako umore zinten aukeraketa bat da Irungo Kabigorri ateneora iritsi den esposaketa hau.

Paperezko edizioetan argitaratutakoez gain, www.kklrd.com webgunerako sortutako Izan eta Ukan on-line komimia ere izango da ikusgai. Gainera, Sexty Sexers taldeko Joseba Baleztena arduratu da musika gehitzeaz.

Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria izenaz bataiatutako erakusketak Gasteizen hasi zuen bira eta Lasartetik igaro ondoren heldu da mugaldera. Dagoeneko Kabigorrin da, irailaren 28ra arte, hurbildu nahi duen ororentzat. Azken egun horretan, arratsaldeko 20:00etan, bira-amaiera ekitaldia ospatuko dute bertan. Komikigintzari buruzko hitzaldi bat eta Izan eta Ukan lanaren aurkezpena aurreikusi dituzte azken egun hori borobiltzeko.