Joseba Sarrionandia: Preso egon denaren gogoa...

Sarrionandia idazle bat baino gehiago da. Ez daudenen ordezkaria, han izanik hemen nahi luketen haiena. Arrastorik utzi gabe desagertuena. Euskal poetarik esanguratsuenetakoa ("Izuen gordelekuetan barrena", "Gartzelako poemak"), hainbat hizkuntzatatik bere gustuko poetak euskaratu dituena ("Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak", "Hezurrezko Xirulak"...) saiogile trebe eta ironikoa eta irudimen handiko ipuingilea ("Narrazioak"). Hori guztia eta gehiago. 70eko hamarkadan Atxaga, Ruper Ordorika eta Joxemari  Iturralderekin batera, Pott bandako sortzaile eta sustatzaile izan ondoren,  1980an kartzelaratua izan zen ETAkoa izateagatik eta hogeita zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Kartzelan zegoela, hainbat literatur sari irabazi zituen, harik eta 1985. urteko San Fermin egunez, bafle batean ezkutatuta Martutenetik ihes egin zuen arte, inoiz Euskal Herrian izan den ihesaldirik sonatuenean. Dagoen desterru ezezagunetik –"Non dago Sarri?" galdera, edozein afalostetako elkarrizketagai luzea izaten da- urtero bidaltzen du libururen bat. Iristear da bere lehen nobela ere.
Bera da ziur aski euskal poetarik abestuena: Mikel Laboarekin hasi eta Deabruak Teilatuetan taldearekin bukatu, dozenaka dira bere poemak musikatu dituztenak. Joseba Sarrionandiari eskaini zion Kortatuk ere "Sarri sarri" kantua, duela ia hamasei urte, ihesaldia nola izan zen kontatuz. Kantu hauetako asko "Hau da ene ondasun guztia" CD-liburuan bildu ziren duela urte pare bat, eta lehen aldiz, poetaren ahotsa ere bertan jaso zen. Jende askok sorpresa hartu zuen, uste baino ahots hauskorragoa zuelako.  Aipagarria da Napartheidek berriki eskaini  dion omenaldia ("Zitroi ur komikiak" izeneko bilduma zaindua, Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean) Sarri komikietara ekartzeko ahalegin berezia egiten duena.