Joseba Irazoki: "Gezurrezko bizitzak ditugu, dena makilatzen dugu"

Joseba Irazoki: "Gezurrezko bizitzak ditugu, dena makilatzen dugu" Erredakzioan ipini dugu 'Zu al zara?' Joseba Irazoki eta Lagunaken disko berria. Sentsazioekin bat egin dugu; alaia, festiboa... pilak kargatu dizkigu. Indartsu dabil ere Berako gitarra jotzailea, eta lagunekin egindako bigarren diskoa aurkeztu digu. Entseguez, sortutako kantuez, musika kontsumitzeko ohiturez eta sare sozialen garaiez hitz egin dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-irazoki-gezurrezko-bizitzak-ditugu-dena-makilatzen-dugu/@@download/image/joseba-irazoki-eta-lagunak-2.jpg
2019/01/16
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Erredakzioan ipini dugu 'Zu al zara?' Joseba Irazoki eta Lagunaken disko berria. Sentsazioekin bat egin dugu; alaia, festiboa... pilak kargatu dizkigu. Indartsu dabil ere Berako gitarra jotzailea, eta lagunekin egindako bigarren diskoa aurkeztu digu. Entseguez, sortutako kantuez, musika kontsumitzeko ohiturez eta sare sozialen garaiez hitz egin dugu.
Joseba Irazoki: "Gezurrezko bizitzak ditugu, dena makilatzen dugu"

Lagunekin sortutako bigarren diskoa duzue 'Zu al zara?'; nola deskribatuko zenuke?

Aurreko birako sentsazioak diskora eraman nahi izan ditut. Sentsazio on asko utzi dizkigu, oso gustura gaude lortutako soinu rockeroarekin, eta eroso sentitu gara. Diskoa beraz, lan hori islatzeko gogotik jaio da. Estudiora sartzean beti dago zuzenekoetan sortutakoa moldatzeko arriskua, eta onartu behar dut gehien dibertitzen nauena kantuekin jolastu eta soinuak deformatzeko aukera dela... baina ez da oraingoan gertatu, gehiegi moldatu gabe funtzionatu dute abestiek.

Estudioan lana eginda zegoela sartu zineten beraz?

Ez pentsa; sartu aurretik bagenuen sonoritate bat buruan, baina gero buruan duzun hori gauzatzea ez da beti erraza. Lehen aldiz entseguak egin behar izan ditugu; ia beti bakarlari ibili izan naizenez, lehen aldiz talde bat sortzen genuen sentsazioa izan dut. Kantuak landu ditugu taldean, eta prestatuak joan gara estudiora.

Talde sentsazioa aipatu duzu; Irazoki eta Lagunak ordez beste izenen bat mahaigaineratu al duzue?

Musikari bezala bakarlari moduan ibili naiz gehienetan, edo Nacho Vegasekin, Mikel Erentxunekin... Athom Rhumba hor dago ere, baina bertako abestiak nireak dira. Oraingoan ordea, talde soinu bat sortu dugu, eta niretzat oso interesgarria izan da esperientzia. Horregatik, proposatu nien talde izen bat sortzearena, baina badakizu, hau demokrazia bat da, eta oraingoz gauden moduan jarraituko dugu... ikusiko da!

Bulegoan entzun dugu diskoa, eta aho batez aipatu dugu alaia eta bizia dela; ala da zuretzat ere?

Ez da entzuten dudan lehen aldia! Egia da tempo azkarrak egiteko gogoa genuela, eta ziur aski horrek poztasun puntua eman dio diskoari. Lisabörekin alderatuz gurea melodikoagoa da dudarik gabe, "subidoi" modukoa sortzen du; ez dugu propio bilatu, baina ala atera da.

Kantuak denon artean sortu dituzue, zer moduz moldatu zarete?

Gustatu zait esperientzia, entseatzearena, taldean lan egitearen sentsazioa... eta diskoaren gaia oso argi genuen. Neronek, musikalki eta pertsonalki askatasunaren sentsazioa bilatzeko beharra islatu nahi nuen; gezurrezko biziak bizi ditugu, dena makilatzen dugu, baita gure burua ere. Engainatuta bizi gara, eta perfektua izan behar garela sinetsita gaude; oso surrealista da. Hori salatzen saiatu gara.

Sare sozialen oso maitale ez zara beraz.

Ez, baina musikariok eta auto-promozioaz bizi garenok ez dugu aukerarik, ezin ditugu zokoratu, munduarekin konektatzeko balio dute eta. Ulertzen dut ere jendeak Twitter bezalako plataformak erabiltzea iritziak plazaratzeko, eta kultur proposamenak zabaltzeko; hori ez dut gaizki ikusten inolaz ere ez. Baina ez dut gogoko bizi pertsonala aireratzearen kontua; voyeur bilakatzen gara. Egia esan, niretzat faenatxo bat dira sare sozialak, beste lan bat gehitu didate. Ezin dira zokoratu, bestela ez zara existitzen.

Eta musika kontsumitzeko ohitura aldaketek, zer nolako eragina izan dute zuretzat?

Entzule bezala mundiala iruditzen zait horrenbeste musika eskura izatea, oso positiboa iruditzen zait. Formulak aldatu dira, eta hori argi izan behar dugu musikariok; gurea zuzenekoa da, hor lor dezakegu esklusibotasuna. Horregatik, nik argi daukat sarreren prezioa igo egin beharko litzatekeela, hori delako musikarion benetako diru iturria; baina jende asko ez dago prest horretarako.

Zer eskatzen dio Irazokik urte berriari?

Gure ogia jotzetik lortzen dugu, beraz, kontzertuak eskatzen dizkiot. Nacho Vegasekin ere diskoa aurkeztuko dugu, beraz taula gainean asko egotea, udan batez ere gehiago jotzea, festibalak bisitatzea... hasteko gogoz gaude!