Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxagaren 'Konpromisoa' antzezlana izango da Donostian egunotan

Pisua saltzeko tratua egiteko eroslearen zain daudela, eztabaidan korapilatuko diren bi lagunen istorioa du ardatz.

Txalo Produkzioak konpainairen Konpromisoa antzezlanaren emanaldiak izango dira bihartik igandera bitarte Donostiako Antzoki Zaharrean. Philippe Claudel idazle eta zinemagile frantziarrak idatzitako komedia da, Martin Agirrek itzulia eta Begoña Bilbaok zuzendua. Aktoreak, berriz, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga dira.

Antzezlanean Tomas eta German aspaldiko lagunak dira protagonista. Tomas sasi autore bat da eta German, aldiz, bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak dauzka eta bere apartamentua saldu beharko du. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Tomasi laguntza eskatu dio, zintzo plantak egiten ez baitu parekorik. Eroslearen zain dauden bitartean bi lagunak elkarri belarria goxatzen arituko dira, mokoka, adar jotzen. Baina, halako batean, egoerak okerrera egingo du. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak aurpegiratuko dizkiote elkarri. Eroslea iristen denean, bi tratanteak eztabaidako punturik gordinenean harrapatuko ditu.

Emanaldiak arratsaldeko zortzietan izango dira eta sarrerak hemen eskura daitezke.