Jose Ibarrolaren 'Inguruari so' erakusketa ipini dute Gasteizko Montehermoson

Margolanez eta eskulturaz osatutako erakusketa irailaren 11ra arte egongo da irekita.

Montehermoso Kulturuneko Garai Bateko Ur Biltegian kokatutako Jose Ibarrolaren Inguruari so erakusketan berrogeita hamar artelan baino gehiago ikusiko ditu bisitariak, formatu handiko koadroak zein eskulturak. Erakusketa sei gaitan banatuta dago margolanei dagokionez: 'Memoriaren balioa’, ‘Begirada itsuak’, ‘Aterkiak eta absentziak’, ‘Zerumuga suntsituak’, ‘Europa aire zabalean’, eta ‘Tentazioen zuhaitza’. Eskulturarekin bat egiten dute margolanek ere, eta bi diziplinen arteko zeharkako elkarrizketa ahalbidetu du horrela artistak, eta, aldi berean, aurrez aurre jarri ditu formalki. 

"Ohiko objektu batzuk, duten itxura edo balio funtzionalaz harago esanahi berezirik ez dutenak, erreferentzia pertsonal eta emozional garrantzitsu bihur daitezke haiekiko dugun begiratuaren arabera, haiekin zer harreman izan dugun edo gure bizitzako une jakin batean hauteman ditugun aintzat hartuta. Horretaz guztiaz hitz egiten dute Jose Ibarrolaren pintura- nahiz eskultura-lanek. Azken batean, Jose Ibarrolak, artearen balio sendatzailea eta soziala aldarrikatu izan duen neurrian, sorkuntza artistikoaren bidez kontatzeko, zirrarak sortzeko eta gogoratzeko beharra transmititzen digu, adierazi dute antolatzaileek.

Jose Ibarrola (Bilbo, 1955) arteari lotuta egon da umetatik. Lehen urratsak 1972an eman zituen Barakaldoko Arte Plastikoen Erakusketan. Handik bi urtera, 1974an, Bilboko Aritza galerian erakusketa bateratua egitekotan izan zen Agustin Ibarrola aitarekin batera, baina erregimeneko poliziak debekatu egin zuen. Garai hartan espresionismoa eta arte povera lantzen zituen. Laurogeita hamargarren hamarkadaren erdialdean, pintura eta eskultura izan zituen ardatz. Pintura- eta eskultura-erakusketa asko egin ditu, baina argitalpenetako ilustrazioaren, diseinu grafikoaren eta eszenografiaren diseinuan ere aritu izan da, antzerkirako, zinemarako eta telebistarako zuzendaritza artistikoaren lanekin bateratuta berrogei urtez.

 

Erakusketa irailaren 11ra arte egongo da zabalik.