Jon Martin: "Erantzunik gabeko maitasunak asko gustatzen zaizkit"
Oiartzuarra. 22 urte. Bertsolaria. Libra. Publizitate ikaslea. "Oarsoaldeko Hitza"-n dihardu lanean. Gipuzkoako Txapelketan, Maialen Lujanbioren ostean, bigarren sailkatu zen, eta saria "izugarria" izan zela dio. Asteburuetan herrian ikusiko duzu gauez, parrandazale sutsua baita.
Arrunt laket dut: Parranda, ostegunetakoa, batik bat. Gautxoria naiz.
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Gehiegizko lotura estuak.
Lasaigarri zait: Kantautoreen musika; Silvio Rodriguez, Joaquin Sabina, Ismael Serrano
Sutan jartzen nau: Oso zaila da hori. Alferrikako galderek, akaso.
Gustura irakurri nuen: Eduardo Mazoren "¡Al pan, pan!" liburua. Oso gomendagarria. Asko irakurtzen dut; astero liburu bat edo.
Lo seko geratu nintzen irakurriz: "Lolita". Gustatu arren, asko kostatu zitzaidan irakurtzea.
Bertutea: Badakit entzuten.
Akatsa: Ez dut jendearengana jotzen laguntza eske.
Ametsa: Bertsoen harian, belodromoa.
Amesgaiztoa: Egunero esnatzea. Iratzargailu pare bat behar izaten dut.
Barre algara eragiten dit: Umore azkarrak.
Negargura ez dut urruti: Bertsoek, oro har, hunkitu egiten naute.
"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni ": Asko maitatu izan dut, eta askotan, gainera.
" ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Oso galtzaile ona naiz. Erantzunik gabeko maitasunak ere asko gustatzen zaizkit.
Hatzak zupatzen ditut: Pasta janez.
Gogoko ez dudan jakia: Babarrunak.
Dirua ordainduko nuke: Euskal gatazka konpontzeagatik.
Ez nieke xentimorik ere emango: Gatazkarekin etekina atera nahi dutenei.
Zer eskatu diozu Olentzerori 2004rako: Urte hau aurrekoa bezain ona edo hobea izatea.
Urte berriak ondo estal ditzan: Aurten izan ditugun buruhausteak.