Jon Galdos hondarribiarraren erakusketa ikusgai da Mikelazulon
Margolanak eta egurrean egindako eskulturak bildu ditu Jon Galdos, Jontxu, artistak erakusketa honetarako, eta maiatza amaiera bitarte ikusi ahal izango dira Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartean.
Irungo Kunthsalen ikasitakoa da Galdos, Mensu eta Luis Orset eskultorearekin batera. Dena den, bere irakaslerik onenak akats propioak direla dio hondarribiarrak, pentsamendu berberak era ezberdinetan adierazi nahiean egindako akatsak, hain zuzen. Horren bidez teknika eta estiloa garatzen duelakoan, mundua ulertzeko duen ikuspuntua helarazi nahi izan du bilduko lanen bidez.
Naturarekin duen harreman zuzenetik eratorritako artelanak aurkeztu ditu Mikelazuon, eskulturarekin eta margoarekin jolasean. Kolore biziak ilunekin nahastuz, eta formen aniztasunarekin frogatuz garatutako obrak dira.
Erakusketa
Noiz: maiatzaren 31 bitarte
Non: Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartean
Ordutegia: asteartetik igandera, 16:00etatik aurrera.