Jon Ander Urrestik 'Eukalyptus' antzezlana estreinatuko du gaur Aulestin
Eukaliptoaren aitzakian, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartzen du lanak.
Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren edizioan hogeita bi proiektu (komikia, literatura, zinema eta antzerkia) erakutsiko dira datozen hilabeetan Euskal Herriko hainbat txokotan. Lehen hitzordua gaur izango da Aulestiko udal aretoan, 19:00etan. Bertan, Jon Ander Urrestik Eukalyptus antzezlana taularatuko du.
Jon Ander Urrestik 2022ko Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen Eukalyptus proiektua tarteko. Urrestik azaldu duenez, antzezlanaren helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea da: “Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean. Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako”.
Bermeotarraren hitzetan, “periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”.
Durangoko Azokako Bekako epaimahaiak honako hau esan zuen proiektuaren inguruan: “Lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”.
Matxalen de Pedrok eta Jon Ander Urrestik zuzendu dute lana, eta testua eurek biek, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak, eta Beñat Urrutiak idatzi dute. Urresti eta Urrutia bera dira antzezleak.
Jon Ander Urresti (1992, Bermeo) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki-taldetan ibili izan da aktore lanetan. Tribiz, baserri galdue gradu amaierako lana antzezlan bihurtu zuen, eta bertan bere familiaren baserri eroriaren inguruko kontakizunak bildu zituen. Horman Poster kolektiboko kide da eta Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanarekin 2022ko Donostia Saria irabazi zuten.
Hitzordu gehiago ere izango dira obra ikusteko. Igandean, Antzuolan eskainiko dute emanaldia, 18:30ean, Torresoro aretoan.