Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia larunbatean izango da, Bilbon

Egun osoko egitarauaren barruan, aurkezpenak, mahai-inguruak, jokoak eta azoka izango dira besteak beste,

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia Elkarteak  Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren bederatzigarren edizioa egingo dute azaroaren 7an. Bilboko La Perrera espazioan izango da, 09:45etik 20:00etara.

Lau hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte. Hasteko, Paula Olaz konpositorea bideojokoetarako musika sortzeko pausoen eta erronken inguruan arituko da. Jarraian, Josu Igoa bideojokozaleak itzulpengintza eta euskaratze prozesuari buruz hitz egingo du. Atsedenaldiaren ostean, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa izango ditu ardatz bere hitzaldian. 

Nestor Uriarte bideojokogile eta Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkariak azken hilabeteetan enpresa ezagunean bizitako egoerari buruz solas egingo du. Azkenik, Digipen Europe-Bilbao Institute of Technologyko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen mahai-ingurua izango da.

Goizeko aurkezpenak amaituta, euskal bideojokoen lehen azoka egingo dute bazkalondoren. Euskal Herriko bideojoko garatzaileen lanak ezagutzeko eta probatzeko aukera egongo da bertan, eta baita bideojokoei lotutako eragile euskaldunen askotariko proiektuak ere. Hamasei erakusmahai izango dira. Gainera, bideojokoen munduaren bueltako beste batzuk ere izango dira, tartean Euskal Manganime Komunitateak parte hartuko du, euskarazko mangak eta animeak aurkezten, eta baita Rolariak Elkarteak ere, rol partidak egiten. 

Aldi berean, Gamer Gelan euskarazko bideojokoetan jokatu ahal izango dute etxeko txikienek. Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan dauden joko batzuk ezagutuko dituzte haurrek zein gaztetxoek.

Bertaratu ezin dutenak jardunaldia zuzeneko streaming bidez ikusteko moduan izango dira, EITBren webgunetik zein Youtube plataformatik.