Jokoteknia, Bideojokoen Euskal Jardunaldia, larunbatean egingo dute, Bilboko Euskararen Etxean

Bidejokoen garrantziaz, euskarazko eduki digitalez, bideojokoen bitartez ikasteaz eta beste hainbat konturen inguruan hausnartuko dute.

Game Erauntsia Elkarteak  eta Azkue Fundazioak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren seigarren edizioa antolatu dute eta, larunbatean, azaroaren 11n, izango da, Bilboko Euskararen Etxean, 09:45etik 13:00etara. Euskal Herriko bideojokoen askotariko adituak bilduko dira bertan, zaletasun hau ikuspegi desberdinetatik aztertzeko.

Lau hitzaldi eta Bizkaiko hiru ikastetxetako ikasleen mahai-ingurua izango dira egitarauan. Hasteko, Daniel Muriel soziologia doktoreak soziologiaren ikuspuntutik bideojokoek duten garrantziaz hitz egingo du, gaur egungo gizartearen funtsezko eraldaketak adierazten dituztela aldarrikatuz. Eider Zabalegi eduki sortzaileak euskarazko eduki digitalen zein sortzaileen munduan sakonduko du. Ondoren, Edurne Larraza informatikari doktoreak bideojokoen bidez irakasteko aukeren inguruan hausnartuko du.

Highnoon Ekain bideojoko sortzaileak Praenaris estudioa aurkeztuko du. Hiru urtez lan egin ondoren lehen bideojokoa argitaratzear daude, eta sormen prozesu horretan bizitakoak partekatuko ditu, aldi berean euskal identitatean eta erroak zaintzeko helburuan murgilduko da. Bukatzeko, Euskal Herrian bideojokogintzari lotutako hainbat zentrotako ikasleak bilduko dituzte mahai-inguruan. Jon Legarretaetxebarria, Sara Esteban eta Haizea Muñoz ikasleek parte hartuko dute.

Edonor bertara daiteke ekimenaz gozatzera eta ezin dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute EITBren webgunean.