Jokin Ayerregaray: "Generorik gabeko arropa sortu nahi dut"

Jokin Ayerregaray: "Generorik gabeko arropa sortu nahi dut" Modaz hitz egiten du Jokin Ayerregarayk, euskaraz; hutsune bat betetzeko helburuz ireki zuen 'Astindu Ganbara' bloga, orain, Instagram kontua bilakatuta. Sorkuntza eta artea maite ditu, eta komunikatzaile lanbidea uztartzen du diseinu ikasketekin. Euskaldunon janzkeraz, moda jasangarriaz, 'fast-fashion'-az eta azken tendentziez hitz egin dugu berarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jokin-ayerregaray-generorik-gabeko-arropa-sortu-nahi-dut/@@download/image/42577819_1093679057479274_8234073042270446900_n.jpg
2019/06/28
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Modaz hitz egiten du Jokin Ayerregarayk, euskaraz; hutsune bat betetzeko helburuz ireki zuen 'Astindu Ganbara' bloga, orain, Instagram kontua bilakatuta. Sorkuntza eta artea maite ditu, eta komunikatzaile lanbidea uztartzen du diseinu ikasketekin. Euskaldunon janzkeraz, moda jasangarriaz, 'fast-fashion'-az eta azken tendentziez hitz egin dugu berarekin.
Jokin Ayerregaray: "Generorik gabeko arropa sortu nahi dut"

'Astindu Ganbara' sortu zenuen modaren inguruan euskaraz aritzeko. Hautua erraza izan zen?

Niretzat naturala izan zen euskara hautatzea komunikazio tresna moduan, baina ez, erraza ez da izan. Honekin hasi aurretik nabaritu nuen hutsune bat zegoela modaren munduan, euskaraz oso gutxi lantzen zela; modaren mundua euskaraz ezagutu nahi zutenik egongo zirela sinetsita, beraz, bloga irekitzea erabaki nuen. Kultura hori sortzeko beharra ikusi nuen; baina zailtasun handiak topatu nituen, batez ere, terminologia egokia aurkitzeko orduan. Hiztegi zaharretara jo behar izan nuen hainbat arropen deiturak ezagutzeko, eta jostun euskaldunei galdezka ere ibili nintzen.

Blogetik Instagramera egin zenuen salto; nolakoa da sare sozialen mundua?

2012an ireki nuen bloga, eta lehiaketa bat ere irabazi nuen, baina konturatu nintzen jendea orokorrean nahiko alferra dela, eta nahiago dituztela argazki gehiago eta testu gutxiago. Horregatik, Instagram plaza egokia zela erabaki nuen, pilula txikiak eskaintzen dituzulako bertan, eta irismen handiagoa lortu daiteke. Ez dut jarraitzale pila lortzeko asmorik, nire helburua euskaraz modaren inguruko kontuak lantzen jarraitzea da. Batzuetan atzerritik idazten didate, egindako post batekin interesaturik, eta jarritakoa itzultzen diet. 

Mutila izanik, nolakoa da modaren mundua? Mutil euskaldunek ba al dute modarekiko interesik?

Badago mutik euskaldunek modarekiko interesik ez duteneko ustea, baina ez nago horrekin ados; zure estiloa dena dela ere, gehienok jarraitzen dugu modaren bat. Badira Ternuako jantziez goitik bera txukun-txukun jantzi eta dirutza uzten duten mutilak; hori ere, moda da. 

Mutila izanik moda munduan ibiltzearena ere, nahiko erlatiboa da; munduko zein txokotan zauden, asko aldatu daiteke kontua. Afrikako herrialde gehienetan, adibidez, gizonak dira jostunak; Europako hiriburuetan nahiko orekatua da gizon eta emakume jostunen kopurua. Baina gauza bat bada deigarria; diseinu akademietan gehiengo zabala emakumeak diren arren, New York edota Parisko pasarela garrantzitsuetara doazen diseinatzaile gehienak gizonezkoak dira. Maila lokalean, eta gurean, emakumeak dira nagusi; ni neu ikasten nabilen akademiako 300 ikasleetatik bost mutil gara.

Noiztik interesatu zaizu moda?

Modarekiko interesa nire arrebari zor diot. 15 urte inguru bete arte ez nuen modarekiko inolako interesik; janzteko alperra nintzen, txandal bat nahikoa zitzaidan. Nire urtebetetze egunean, arrebak galtza pitillo batzuk eta xira hori bat oparitu zizkidan, nire janzkera hobetzeko; primeran ikusi nuen nire burua, eta hortxe jaio zen modarekiko zaletasuna. Ordura arte, erosketak egitea tormentua zen; orain, plazer hutsa.

Badira Ternuako jantziez goitik bera txukun-txukun jantzi eta dirutza uzten duten mutilak; hori ere, moda da. 

Zer deritzozu 'low-cost' eta 'fast-fashion' modaren inguruan?

Argi dago egun aldaketa gertatzen ari dela, batez ere diseinatzaile lokalen aldetik. Ni neu marka propioa sortu nahian nabil, eta konturatu naiz gauza asko hartu behar direla kontuan; lokala izanda ere, non ekoizten dira erabilitako materialak? Asko arduratzen nauen zerbait da. Kontziente naiz marka handiek darabilten ekoizpena imitatzea arima deabruari saltzea dela, eta arroparen industria estuki lotuta doala giza eskubideekin, ingurumenarekin... Dena den, ondo irakurri behar dira etiketak. Arropa lokala eta bidezkoa ekoiztean ere, sekulako prezio ezberdintasuna dago bordatu bat hemen edo Turkian egin badute, baina horrek ez du esan nahi Turkiako jostunei gaizki ordaindu zaienik; hain zuzen, emakume jostunen kooperatiba batekin elkarlanean egina izan daiteke, soldata duinak ordainduta. 

Egia da ekoizpen lokaleko marka askok oso prezio altuak jartzen dituztela, eta askotan gehiegizkoak izaten dira. Baina, zergatik gurean ez da bigarren eskuko arropa saltzen edo elkartrukatzen? Madrilen eta bestelako hirietan asko berrerabiltzen dute, baina gurean oraindik atzeraka egiten digu.

Nola aukeratu dezakegu arropa egokia egungo iragarki bonbardaketekin?

Hori da fast-fashion-aren helburua, etengabe behar berriak sortzea, epe laburrean deuzestatu eta beste batzuk sortzeko. Baina zentzuz janzten jakin behar da; gabonetako zuhaitz baten antzera janzteak ez du zentzurik. Ausardia bai, baina soiltasunak garrantzi handia duela ahaztu gabe. Nire ustez, gakoa segurtasuna transmititzen duten jantziak aukeratzea da. Jaka bat erosi dezakegu 20 eurotan, edo neurrira egindakoa eskuratu 100 eurotan. Lehenengoaz aspertuko zara; bigarrena berriz, inbertsio bat izan daiteke. Kolore neutro eta estilo monokromatikodun armairua osatzea ere gomendagarria da, moden joan-etorriak eutsiko dituena.

Zein da oraintxe zure interesa pizten duen joera? 

Gardentasunekin jolastea gustatzen zait. Poltso gardenak, gorputzaren atal bat edo beste erakusten duen arropa; konplexuak alboratu eta garena azaleratzeko jolasa interegarria da. Bestalde, bereziki gustatzen zaizkit ugly shoes izeneko zapatilak; altuago egiten naute! 

Gabonetako zuhaitz baten antzera janzteak ez du zentzurik. Ausardia bai, baina soiltasunak garrantzi handia duela ahaztu gabe.

Gorroto duzun moda bat?

Fluor koloreak. Oraindik ez dut asmatu nola erabili ondo gelditu daitezen. Bestalde, deigarriak iruditzen zaizkit praktikoak ez diren moda absurduak, adibidez, Rosalía abeslariaren azkazalak, deseginda dauden sare itxurako poltsoak... ez dute egunerokotasunerako balio. Kontsumo soila sustatzeko eginak direla dirudi.

Euskal Herrian nola janzten gara?

Euskal Herriko moda joerak belaunaldiekin lotuta daudela esango nuke. Gazteak konplexurik gabe janzten dira; kaletik ikusi ditut berez neskei zuzendutako kamisetak janzten dituzten mutilak, adibidez. Dena den, klasikoak gara oraindik, kosta egiten zaigu gauza berriak probatzea. Generorik gabeko arropa sortu nahi dut nik; esterotipoak alboratuz, bakoitzak erabaki dezala zerekin sentizen den gustura. Ohituta gaude arropa bila ibiltzen, baina prozesua alderantzizkoa izan beharko luke; arropak gu bilatu behar gaitu. Kontziente naiz Euskal Herrian oraindik kosta egiten zaigula mutil bat gonarekin ikustea (nire arreta ere deituko luke) baina pixkanaka irekiz goaz. Fenomeno kurioso bat Durangoko Azoka da; Supertxopek esandakoa egia borobila da! Halako plazetan askatu egiten gara, eta estilo pila nahastuta ikusi ditzakegu. Kobetamendiko BBK LIVE jaialdia, geure Fashion Week dela esan genezake!

Fenomeno kurioso bat Durangoko Azoka da; Supertxopek esandakoa egia borobila da! Halako plazetan askatu egiten gara, eta estilo pila nahastuta ikusi ditzakegu. Kobetamendiko BBK LIVE jaialdia, geure Fashion Week dela esan genezake!

Modaz aritzeaz gain, komunikatzailea ere bazara, Ttap aldizkarian idazten duzu eta diseinatzen hasi zara; denean zabiltza!

Sorkuntza eta artea gustatzen zaizkit. Izugarri gozatzen dut ideia bat izatetik esku artean amaitzen duen produkturainoko bide hori lantzea. Horregatik nabil diseinua ikasten; dena den, gauza bakarra egiten ez nintzateke zoriontsua izango! Horregatik nabil ere komunikazioan eta beste hainbat saltsatan. 

Noiz ezagutuko dugu zure marka?

Gipuzkoako 21 diseinu ikasle bildu gara, eta urriaren amaieran Gure Artean jaialdia antolatuko dugu; bertan, gure lana aurkeztuko dugu, ohikoa izango ez den desfilean. Bestelako diziplinetako artistekin batera osatuko dugu jaialdia, festa bat izango da. Ohiko desfile tradizionalei buelta bat emango diegu, mahainguruak antolatuz eta gogoeta zein elkarrizketak sustatuz. Nire marka ere bertan aurkeztuko da; Ayerregaray abizenez batailatuko dut.