Johnny Depp Zinemaldiko Donostia Saria
Estatu Batuetako aktore ospetsua izan da Donostiako Zinemaldiak iragarri duen lehen izena. Irailaren 22an jasoko du saria.
Johnny Depp aktore, zuzendari eta ekoizle estatubatuar ezagunak Donostia Saria jasoko du irailaren 22an, asteazkena, Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioaren barruan. Depp hirugarrenez izango da Zinemaldian aurten; izan ere, 1998an Terry Gilliamekin etorri zen, eta 2020an ere izan zen Donostian, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan ekoizpenean parte hartu zuelako.
Gure oroitzapenean iltzatuta dauden hainbat pertsonaia gorpuztu ditu aktore estatubatuarrak, hala nola, Edward Scissorhands, What 's Eating Gilbert Grape?, Sleepy Hollow, Chocolat, Finding Neverland, Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Stree, Pirates of the Caribbean eta Charlie and the Chocolate Factory pelikuletakoak.
Depp hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako, Golden Globe bat lortu du eta hamar aldiz izan da hautagai. Horretaz gain, Screen Actors Guild Award sari bat jaso du -gizonezko aktore onenarena-, eta sari horietarako sei izendapen ere izan ditu. Ohorezko Cesarra ere jaso zuen 1999an. Ikus-entzunezko 90 ekoizpenetan baino gehiagotan hartu du parte antzezle gisa, eta hamar filmeren ekoizlea ere izan da. Halaber, film laburrak zuzendu ditu, baita The Brave (1997) film luzea ere, non Marlon Brandok parte hartu baitzuen antzezle gisa.
Saria banatzeko ekitaldira joateko sarrerak irailaren 13an jarriko dira salgai. Manuel Martín Cuencak zuzendutako La hija filma eman aurretik banatuko da saria.