JOHN BERKHOUT TALDEAREN AGURRA

John Berkhout oiartzuarrek bi diskoren ondoren bukatutzat eman dute euren ibilbidea nahiz eta euren agurrean aitortu bukaerak beti dakarrela hasiera berri bat.

Argi dago, hasiera bat duenak bukaera bat izan behar duela eta taldearen amaiera iritsi dela sentitu dute John Berkhout-ekoek. Bi disko eder eta hainbat kontzertu oparitu ondoren agur esango dute, baina euren sare sozialetan jarritako testuak dionez musika bizitzen jarraituko dute beste modu batera bada ere.

Bidean aurkitu dituzten lagun, musikari, teknikari, kontzertu antolatzaile, zigilu, jaialdi, promotore, manager, aldizkari, irrati, familia eta abarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete, baina batez ere euren musika entzunez zerbait sentitu dutenei.

Agur moduan azken abesti bat oparitu nahi izan digute, hain zuzen, Mikel Laboaren “Izarren hautsa” abestiaren bertsio bat. Taldea badoa bai, baina abestiak betiereko geldituko dira eta hauek helarazten duten magiak ziur inspiratuko dituela besteak doinu berriak sortuz.