Jimi Tenor & Kabu Kabu ***
Finlandian jaiotako musikari friki honek etengabeko garapena erakutsi du. Hogei urtez, hainbat egitasmotan parte hartu du: hasieran, 80ko hamarkada amaieran, rock industrialarekin eta esperimentalarekin jolasean aritu zen, musika-tresna propioak asmatuz, gainera. 90ko hamarkadan, musika elektronikoak erakarrita, Warp zigiluaren izarretako bat izan zen. Orain, modernitatearen argietatik aldenduta, jazzaren, funkiaren eta afrikar erritmoen magia bereganatu ditu. Orain, Kabu Kabuko taldekideekin batera, pauso berria eman du afrobeat estiloaren baitan, inprobisazioz, indarrez eta sentimenduz betetako diskoa kaleratzeko.