Jessica Biel: Ametsak baziren behinola

Testua: Aitor Abaroa
Ikuslearekin batera hazten diren telesailak. Iruditan ikusten diren bizitzek erakargarriagoak diruditen arren, kezka eta amets bertsuak elkarbanatzen dituzte sofaren beroan eta kutxaren ezlekuan daudenek.
Eta nerabeak hozkirri ezezagun bat sentitzen du Goenkale jartzerakoan, Barbara Goenagak gorpuztutako Ainhoa ikusten zuenean, goizean paper bolatxoa bota dion gelakidearen itzala ikusten duenean. Ameriketako Estatu Batuetan 7th Heaven zen telesaila, eta Jessica Biel eskolan esan gabekoak hasperen bihurtzen zituen Mary Camden.  
Laugarren denboraldi amaieran, Biel asper-asper eginda zegoen Camdentarren etika eta moral puritanoarekin, eta Sam Mendesek American Beauty (1999) probokatzailerako bere ordez Thora Birch aukeratu zuenean, telesaila uztea erabaki zuen. Baina nola apurtu urteetarako sinatuta zegoen kontratua? Hemezortzi urteak bete gabe Gear aldizkariko azalean biluzik agertzea adibidez? Akabo telebista, ongi etorri edertasun aldizkariak. Bide batez, Hollywoodeko ateak zabaltzen ahal diztuztenak.
The Texas Chainsaw Massacre (2003) neskatxa babestu nahiko luketenentzat. Blade Trinity (2004) neskatxak egurtuak izan nahiko luketenentzat. Eta London (2005) droga firin-faran dabilen jaian neskatxa konkistatu nahiko luketenentzat. Azkena izan zen bizkorrena eta Chris Evansekin geratu zen. Momentuko bikotea osatu zuten eta, hala, Esquire aldizkariaren arabera planetako emakumerik sexiena izan zen 2005ean. Evansekin utzi ostean hasi zen, ordea, Biel zinean norbait izaten. Hasteko, Edward Nortonen trikimailuen konplize The Illusionist (2006) filmean.
Baina couche paperaren distirak ere badu bere magia, eta behinola zorabio musikatuen errege izandako Justin Timberlakekin ezkondu berri da Biel, emaztegai soineko arrosa ezin egokiagoa soinean. Halaxe gehitu ditu bere filmografiara Valentine's Day (2010) edota New Year's Eve (2011) diabetikoak. Oraintsu, aldiz, Total Recall birmoldatuan ikusi ahal izan dugu zientzia-fikzioaren lurrunpean, baina aspaldi izandako ametsak bergogoratu nahi dituenak hilabete honetan estreinatuko den The Tall Man ikus dezake. Kontuan hartu film kanadar honetan ametsak amesgaizto direla, oso gaiztoak
Nortasun Agiria
Izena: Jessica Claire Biel
Jaioteguna: 1982-03-03
Jaiolekua: Minnesota (AEB)
Senarra: Justin Timberlake abeslaria
Liburu kuttuna: Way of the Peaceful Warrior (Dan Millman, 1980)
Kanta maiteena: Cry Me a River ("N Sync, 2002)
Maite ditu:
Kristalik gabeko vintage betaurrekoak
Gorroto du: Ilea tindatzea