Jende berria ezagutzeko #EginTril ekimena abiatuko dute gaur Twitterren
Gaueko 22:00etan jarriko dute martxan Twitter kontuan sortutako Spacean.
"Euskal Herrian hotzak garela diote, zakarrak, eta ligatzea ezinezkoa dela, baina egia ote? Usteak erdi ustel direla esan ohi da eta #EginTril etiketa aurreiritzi horiek deseraikitzera dator", azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek. Tril egin kontzeptuak "ustekabean aurkitu, topatu" esan nahi du, eta ekimenaren asmoa "zalantzak, pozak, eta gertatutakoak partekatzeko, jende berria ezagutzeko eta ongi pasatzeko konfiantzazko espazio segurua" sortzea da: "Bibrazio onak nahi ditugu, gaur egun sareetan pil-pilean dagoen toxizitatetik harago. Beraz, jarrera hori ez duenak ez du toki honetan espaziorik izango".
#TinderCAT-en bidez gazte (eta ez hain gazte) katalanek konektatu eta beren barruko zalantzak partekatzen dituzte eta halako espazioa sortu nahi dute, "ongi pasatu eta jende berria ezagutzeko". Topagunea "ligatzeko edota pertsona berriak ezagutzeko eta haiekin konektatzeko espazioa izango da batzuentzat, eta, beste batzuentzat, berriz, egiten ausartzen ez diren galderen erantzunak aurkitzeko lekua".
Gaur gaueko 22:00etan abiatuko dute ekimena, Twitterreko @egintril kontuan sortuko duten Spacean. Twitterren azken urteko berrikuntzetako bat dira Spaceak. Funtsean audio gelak dira, non erabiltzaileek space bat sortu eta beste erabiltzaileekin nahi duenaz hitz egin dezaketen. Normalean gai baten inguruan izaten da, edota momentuko kontuez. Saioa hasitakoan, @egintril kontua jarraituz gero, Twitterren aplikazioaren zein webgunearen goialdean borobiltxo bat agertuko da eta, bertan sakatuz gero, saiora sartzeko aukera izango da. Kontua ez jarraituta ere, kontuaren profileko argazkian sakatuta, sar daiteke. Saioa edonork entzun ahal izango du, Twitterren kontua izan ala ez, baina zuzenean parte hartu nahi izatekotan, nahitaezkoa izango da bertako erabiltzailea izatea.
Hala ere, tril egiteko hamaika aukera egongo direla iragarri dute. Zuzenean sartzera ausartzen ez direnek, Twitter DM edo zuzeneko mezuen bidez bidali ditzakete beren galderak, zalantzak edo adierazi nahi dutena. Horretaz gain, #egintril traola erabilita ere hartu daiteke parte saioan, eta baita bertan gertatzen dena komentatu ere. Twitter konturik ez dutenek ere @egintril-en Instagram kontura bideratutako zuzeneko mezuen bidez saioan partekatuko dituzten audioak bidaltzeko aukera izango dute, baita testu mezuak ere.
Beraz, "ondo pasatu, elkarrekin konektatu, esperientzia ezberdinak izan eta jende berriarekin momentu hau konpartitzeko" gogoa duenak, gaueko 22:00etan hitzordua du sarean. Tril egin eta izan abil!
