Jeff Buckley-ren "Grace" diskoak 25 urte
Martxel Mariskalen “Me llamo Ezequiel y así será siempre” liburu bikainagatik deskurbitu nuen Buckley. Hain justu Leonard Cohen-en "Halleluhah" abestiaz egin zuen bertsioa gakoa baita liburuko unerik hunkigarrienetako bat ulertzeko.
Atala amaitu eta berehala youtubera jo nuen Halleluhah entzutera, noski. Ezin hitzez deskribatua sentitutakoa; inflexio puntu bat eragin zuzen nigan. Horregatik, aspalditik nenbilen disko honetaz idazteko gogoz, baina inoiz ez nuen momentu egokirik aurkitzen. Nola deskribatu musikarekin soilik helarazi daitekeen edertasun ukiezin hori hitz soiletan? Ez naiz efemerideei kasu askorik egiten diena, baina aitzakia bat behar nuen behingoz maisulan honetaz mintzatzeko. Bada abuztuaren 23an 25 urte bete ditu Grace diskoak. Bizirik zegoela argitaratutako lan bakarra izan zen, baina ez zuen gehiagoren beharrik izan guztiok emozioaren emozioz negar malkotan uzteko.
Askotan galdetu izan diot nire buruari nolakoa izango zatekeen Jeff Buckley-ren ibilbide musikala ez balitz 1997an hil. Egun 53 urte izango lituzke. Mantenduko al luke lehen diskoan erakutsi zuen muturreko sentsibilitatea? Edo salbuespen bat izan zen Grace?
Egia esan gutxienekoa da erantzun horiek jakitea; diskotzarra argitaratua izan zen guztion zorionerako. Horrek axola du. Musikarekiko zuen maitasun, sentsibilitate eta talentua zirujau baten zehaztasunez islatuta utzi zuen Grace diskoan.
Youtuben dauden zuzenekoetako bat ikusteko aukera baduzu ohartuko zara barne munstroak zituen artista zela Buckley. Bere lehen eta azken diskoa izango zena, emozio deskribaezin horien bilaketaren emaitza izan zen. Horretarako gainera tresna bikain bat zuen eskura: bere urrezko eztarria. Unibertsoa zeharkatu zezakeen ahots hark, sekulako akrobaziak egin eta noski, horren aurrean kritikak ezin izan zuen hori goraipatu beste deus egin. Buckley-ek ez zuen tarterik uzten kritika txarrentzako. Haatik, nolabait beti izan da musikarien musikaria. Diskoa edozein zerrendetan gomendatuta ikusiko baduzu ere, beharbada publiko zabalaren artean ez da horren ezaguna, nahiz eta Dylan edo McCartney bezalakoek behin baino gehiagotan maisulana ederretsi.
Ahots korda pribilegiatuez gain, diskoa berezia da egitura zailak eduki arren sinpletasuna helarazten zuelako. Ez dira kantu errazak ez jotzeko eta gutxiago abesteko, baina entzutean flotatzen sentitzen duzu zure burua, unibertsoaren korrontean erabat barneratuta. Entzun begiak itxita Corpus Christi Carol eta ausartu ondoren esatera ez duzula berdina sentitu. Grace erortzeko zorian dagoen katilu bat da, hauskortasuna dario, eta diskoa martxan jartzen denean zure arima mila pusketatan apurtzen entzuten duzu. Beharbada disko batek ezin du mundua aldatu, baina honek milaka musikazaleren barruak mugitu ditu eta mugitzen jarraitzen du. Zauden tokian zaudela milesker Jeff!