Jazzinema zikloaren bosgarren edizioa hasiko da gaur
Jazz musika eta ikus-entzunezkoa uztartzen dituzten zazpi film eskainiko dituzte uztailean Bilbon eta Donostian. Gaur, uztailak 2, izango da lehenengo emanaldia Tabakaleran eta hurrengo egunean Bilboko Arte Ederren Museoan; Paul Newman protagonista duen 'Paris Blues' pelikula eskainiko dute.
Euskadiko Filmategiak JAZZINEMA zikloaren bosgarren edizioa antolatu du, 2020ko ezinbesteko geldialdiaren ostean. Urtero, uztailean, jazz doinuz betetzen dira euskal hiriak, eta, JAZZINEMAren bitartez, zinemaren eta jazzaren arteko harremanaz gozatzeko aukera ematen duten filmez bete nahi dituzte Bilbo eta Donostiako pantailak. Ez dira aldatu 2016an egitasmoak finkatutako hiru ardatz nagusiak: soinu-bandan jazz doinuak dituen zinema izatea, jazzaren izen handiak protagonista dituena eta jazzak eragindako narratiba duena.
Zazpi film eskainiko dituzte JAZZINEMAn. Zinema italiarra ikusi ahal izango da lehen aldiz, jazzak soilik elkartzen dituen bi film erabat desberdinen eskutik. Horiez gain, Erresuma Batuko, Frantziako eta Amerikako Estatu Batuetako pelikulen emanaldiak ere izango dira. Edizio honetako kartela ilustratzen duen Paris Blues (Martin Ritt, 1961) film estatubatuarra izango da zikloa abiatuko duena. Paul Newmanek antzeztutako jazzmanaren eskutik, Parisko jazz-klubetako giroa ezagutuko dugu, Duke Ellingonen soinu bandak girotuta. Newmanez gain, Joanne Woodward, Diahann Carroll eta Sidney Poitier aktoreek egiten dute lan, besteak beste. Gaur, uztailak 2, eskainiko dute Donostiako Tabakaleran, 19:00etan, eta bihar, hilak 3, Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean, ordu berean.
Zinema italiarrari dagokionez, bi proposamen klasiko eskainiko dituzte: Rufufú (I soliti ignoti, Mario Monicelli, 1958) komedia eta La notte (Michelangelo Antonioni, 1961) laudatua. Lehena, Italiar komediaren adibiderik bikainenetakoa da eta jazza Alpeez bestalde eramatearen ardura izan zuen. Aktore ezin hobeek parte hartzen dute: Claudia Cardinale, Totò, Vittorio Gassman eta Marcello Mastroianni. Bigarrena, berriz, inkomunikazioaren inguruko pelikula da; Berlingo Urrezko Hartza eskuratu zuen eta Giorgio Gasliniren soinu-banda du.
Bi zuzendari britainiarrek zinema eta jazza lotuz egindako film garrantzitsu bana ere ikusi ahal izango dira. Alde batetik, Arrakastaren usain gozoa (Sweet Smell of Success, 1957) izeneko ikus-entzunezko garratza, Alexander Mackendricken lehen film amerikarra. Elmer Bernsteinen soinu-banda du, eta ustelkeriaz betetako Manhattango politikari eta kazetarien erretratu iluna egiten du. Bestetik, Gau osoan zehar (All Night Long, Basil Dearden, 1962), Londresko gaueko jazz-giroan murgiltzen gaituen pelikula, Charles Mingus eta Dave Brubeck izar handien partaidetzarekin.
Le Cercle Rouge frantziarrak (Jean-Pierre Melville, 1970) jazzaz harrapatuta egoteko sentimenduaz eta patuaz hitz egiten du, Éric Demarsanen musikarekin. Alain Delon aktore ezaguna da filmeko partaideetako bat.
Azkenik, JAZZINEMAren arau idatzi gabea hautsiko dute: berriro emango dute 2017an programatutako film bat, martxoan zendu zen Bertrand Tavernier maisuaren omenez. 1986ko Round Midnigh filma eskainiko dute hain zuzen ere.
Ordutegi eta bestelako xehetasunen berri izan eta emanaldietarako sarrerak eskuratzeko, sartu Euskadiko Filmategiaren webgunean.