Jazz doinuak Donostian

Urtero legez, jazzaren festa erraldoia Donostiara iritsiko da uztailean. Heineken Jazzaldia hilaren 24tik, asteazkena, 28ra egingo dute aurtengoan, eta Jamie Cullum edota Elvis Costello bezalako izar handiak izango dira protagonista.



Hiriko aretoak, kaleko eszenatokiak eta espazio publiko oro jazz musikaz beteko da uztailaren 24tik 28ra, asteazkenetik igandera. Izan ere, inoiz baino indartsuago dator Heineken Jazzaldiaren 48. edizioa, punta-puntako artistak kartel-buru dituela. Aurten, gainera, haur eta familientzako egitaraua atondu dute antolatzaileek, eta gastronomia eta jazza uztartzen dituzten ekimenak ere ez dira faltako.

Bereziki aipagarriak dira uztailaren 24an Zurriola hondartzako Eszenatoki Berdean Jamie Cullumek eta 25ean, leku berean, Elvis Costellok emango dituzten doako kontzertuak. Nazioarteko goi mailako jaialdietan aritzen dira biak, eta gurean xentimo bakar bat ordaindu gabe, eta gainera, eguraldi onaz eta giro apartaz lagundurik, ikusi eta entzuteko aukera izango dugu.

Artista zerrenda amaigabea
Haiez gain, Diana Krall bakarlari kanadarra, Pharoah Sanders tronpeta jole estatu batuarra, Hiromi piano jolea, Buika abeslari espainiarra, Erresuma Batuko Belle & Sebastian taldea, Jorge Pardo flauta jole espainiarra, Dave Douglas tronpeta jolea, Gregory Porter jazz abeslari ospetsua, The Swallow Quintet boskotea, Youn Sun Nah bakarlari korearra, Vijay Iyer piano jolea, Los Angeleseko China Moses abeslaria, Shibusa Shirazu Orchestra banda japoniar ikusgarria, eta Robert Glasper piano jole eta ekoizle estatu batuarra bezalako artistak igoko dira eszenatokietara.

Halaber, jazzaren zale sutsuenek ezingo dute hutsik egin hilaren 27ko zitara: John Zornen Masada Marathoia. Izan ere, artistarekin kolaboratu ohi duten hamabi banda, bata bestearen ostean, ariko dira etenik gabe. Saxofoi jole eta konposatzaile ospetsuak 2013an Europa mailan egingo duen halako marathoi bakarra izango da, eta mundu osoan beste bat soilik eskainiko du, udazkenean New Yorken.

Trinitate Plaza, Kursaal Auditorioa, Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa, eta jaialdirako egokitutako beste hainbat gunetan bilduko dira kontzertuak, hala nola, Basque Culinary Centerren. Horietako zenbaitetan sarrara ordaindu beharko da, beraz, kontsultatu agenda hemen.