Jaws: Marrazo ikusezina



Steven Spielbergek 26 urterekin ekin zion Peter Benchley idazlearen "best-seller" ezagunaren egokitzapenari. Garai hartan zinemagile ausarta zen Spielberg, baina oso eskarmentu gutxi zuen, eta "Jaws" ("Marrazoak") filmean hamaika arazori egin behar izan zien aurre. Hala ere, zailtasunak zailtasun, Spielbergek ordu arteko pelikularik arrakastatsuena egin zuen, eta handik aurrera, bere nahia lege bihurtu zen Hollywooden.

"Jaws" egin baino lehenago, bi pelikula baino ez zituen Spielbergek: telebistarako egindako "Duel" klasikoa, eta "The sugarland express" interesgarria. Horrexegatik, Richard Zanuck eta David Brownek proposatutako proiektu hark, erronka handiegia zirudien zuzendari hasiberriarentzat. Baina, bere bertute eta akatsen inguruan egoten ahal diren eztabaida amaigabe guztiak albo batera utzita, argi dago Spielbergek inor baino hobeto dakiela istorioak kontatzen. Dolarraren ikurra izaten du bere eskutik ateratzen den ia denak.

Berez, "Jaws" pelikulak kontatzen duenak ez du misterio handiegirik, Herman Melvilleren "Moby Dick" eleberri ezagunarekin (John Hustonek pantailaratu zuen) antz handia du: azken finean, gizakia eta naturaren arteko borroka betierekoa baino ez da. Hori horrela, nolatan bihurtu zen pelikula hau zinema gainditu zuen gertaera soziologiko? Istorioa kontatzeko modua da gakoa.

Marrazoa da pelikularen protagonista, baina pelikulan, apenas dugu animalia erraldoia ikusiko: piztia film bukaerako bizpahiru sekuentzietan ageri da soilik, eta nahikoa labur, gainera. Baina marrazoa ez ikusi arren, bere presentzia mehatxagarria etengabe sentitzen da, eta ikusten ez dena, are beldurgarriagoa da. Lau urte beranduago, antzeko trikimailua erabili zuen Ridley Scottek "Alien" filmean.

Spielbergek zergatik erabili zuen teknika hori, zergatik ezkutatu zuen marrazoa? "Jaws" estreinatu zen une beretik, horren inguruko eztabaida izan da. Kontu jakina da, Spielbergek egundoko arazoak izan zituztela espresuki filmerako egin zuten zazpi metroko marrazo mekanikoarekin —orduan ez ziren efektu digitalak existitzen!—. Izan ere, urak ia guztiz hondatu zituen marrazoak barruan zituen gailu elektronikoak. Askoren ustez, horixe da marrazoa horren gutxi agertzearen benetako arrazoia, Spielbergek ia filmaketa osoan ezin izan baitzuen robota erabili.

Beste batzuen ustez, zuzendariaren jenialtasuna da horren arrazoia: Spielbergek argi omen zeukan, marrazoa ez agertuta, ikusleen artean mehatxu eta beldur sentsazioa areagotuko zela.

Bat ala beste izan, marrazo ikusezinaren baliabide hori da pelikularen bertuterik handiena. Ikus ezin daitekeen marrazoaren berri emateko, John Williams konposatzailearen musika ahaztezina erabili zuen zuzendariak: akorde soil batzuk gutxitan izan dira horren beldurgarri. Uda honetan, argi ibili itsasoan murgildu aurretik: musika ezagun hori entzunez gero, uretatik aldendu.







Jatorrizko izenburua:

"Jaws"
Zuzendaria:
Steven Spielberg
Aktoreak: Richard
Dreyfuss, Roy Scheider