Javier Rodriguez Perez-Curielen ‘ADHD’ erakusketa zabalduko dute Gasteizko Montehermoson
Performancea eskainiko du sortzaileak eta apirilaren 21era arte bisitatu ahal izango da.
Gasteizko Montehermoso Kulturuneko lehen solairuko aretoan kokatu dute Javier Rodriguez Perez-Curielen ADHD erakusketa, eta eta gaur bertan inauguratuko dute, 19:00etan. Egileak performance bat eskainiko du bertan.
ADHD ingelesezko Atention Deficit Hiperactivity Disorder nahasmenduaren laburdura da, hau da, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduari egiten dio erreferentzia. Artistak bere lana "prozesu esperimental gisa" sortzen du. "Bertan, ekintzaren ideia bere lana osatzen duen guztiaren, performancearekin lotutako horren, zati testual osoaren eta ikus-entzunezkoaren katalizatzaile gisa erabiltzen du", azaldu dute antolatzaileek.
Javier Rodriguez Perez-Curiel Arte Ederretan lizentziatua da eta Artearen Ikerketako eta Sorkuntzako Masterra egin zuen. Artista egoiliarra izan da Bilbaoarte Fundazioan eta Tabakaleran, eta 2019an, ekoizpen artistikoa laguntzeko Bizkaiko Foru Aldundiak emandako beka jaso zuen. El Brocense arte plastikoen saria jaso du eta erakusketa kolektiboetan hartu du parte. Bilboko Rekalde aretoan, Bartzelonako Espai 777an eta Asturiaseko Valey zentro kulturalean bakarkako erakusketak egin ditu. Halaber, proiektu musikaletan eta ekitaldietan hartu du parte.
2023ko Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdian aukeratutako lau proiektuetatik bigarrena da artista asturiarrarena. Aukeratutako lan guztiak urtean zehar aurkeztuko dituzte. Lehena, M Benito Pirizen Travieso, urtarrilean aurkeztu zuten eta oraindik ikusgai dago Montehermoson.