Jasone Osoro: Tentazioetatik haurdunaldira

Testua: Gari Berasaluze
Haurdun dagoela jakin orduko edonork sentitzen duen sentsazio eztandari buruzko kronika pertsonala argitaratu zuen abenduan Jasone Osorok (Elgoibar, 1971), Bi marra arrosa izenburupean. Haurdunaldian zehar sortzen diren beldurrak eta galderak biltzen ditu liburuak, aholkuekin, zalantzekin eta haur baten zain dagoen edozein laguni eta bikoteri hain hurbilekoak egiten zaizkion beste hamaika konturekin batera.
Dunaren eta Edithen ama da kazetari, idazle eta gidoilari elgoibartarra, eta lehen haurdunaldian sentitu eta bizi izandakoaren testigantza samur bezain ederra plazaratu du. Honela, beste hizkuntzetan hain oparoa den alor honetan, haurdunaldiari buruzko liburugintzan, euskaraz dagoen hutsunea apaldu du nolabait.
Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta Zinema Gidoigintzari buruzko graduondokoa eginda du Osorok. Elgoibarko Barren astekarian aritu zen bost urtez kazetari, eta garai hartan argitaratu zuen lehen liburua: Elgoibarko baserriak (1997).
Euskal literaturan, ordea, hurrengo urtean plazaratutako Tentazioak (1998) liburuarekin hasi zen lekua egiten, eta urte hartan argitaratu zuen Isadora Duncanen biografia ere. Gerora hainbat lan publikatu ditu, eta baita zenbait sari eta beka jaso ere.
Ogibidea, ordea, kazetaritza eta gidoigintza izan ditu. Telebistari buruzko Asteon aldizkariaren zuzendaria izan zen, eta aurkezle, gidoilari edota erredaktore aritu da hainbat saiotan: ETBrentzat ekoitzitako Sorginen Laratza, Hasiberriak, Goenkale edota Wazemank saioetan, esaterako.
Zutabegile ere aritu da hainbat urtez zenbait hedabidetan, eta gaur egun ere astero aritzen da lan horretan.
Bibliografia
• Elgoibarko baserriak (Debemen, 1997).
• Tentazioak (Elkarlanean, 1998).
• Isadora Duncan (Elkarlanean, 1998).
• Korapiloak (Elkarlanean, 2001).
• Jara (Zubia, 2001).
• Desnudos (Seix Barral, 2002).
• Greta (Elkar, 2003; Seix Barral, 2007).
• Jara, bikiak eta bikoteak (Zubia, 2005).
• Jara Bartzelonan (Zubia, 2007).
• Ezekiel (Elkar, 2009).
• Bi marra arrosa (Txalaparta, 2009).