Japonia egurrezko sateliteak prestatzen ari da

Egurra erabiltzearen helburua zabor espazialaren arazoa arintzea da.

Sumitomo Forestry japoniar enpresa Kyotoko Unibertsitatearekin elkarlanean egurrezko sateliteak eraikitzen hasi da. Helburua 2023. urterako satelite hauek prest edukitzea da.

Proiektu berezi honek zabor espazialaren arazoaren irtenbidea izan nahi du. Izan ere, atmosferan biraka sekula baino satelite gehiago ditugu, eta egurra bezalako material biodegradagarria erabiltzeak, zaborraren arazoa arindu lezake behin satelite hauek funtzionatzeari uzten diotenerako.

Takao Doi, 2008an Nazioarteko Estazio Espaziala bisitatu zuen astronauta da, eta badaki beraz, norainokoa den arazoa. Egun Kyotoko Unibertsitatean irakaslea da eta azaldu du arazoarekin oso kezkatua dagoela: "Funtzionatzen uzten dioten sateliteak berriz atmosferan sartzen direnean, erre egiten dira, eta aluminiozko partikula txikiak zabaltzen dituzte, atmosferan geratzen direnak urteetan zehar". 

Honek, noski, eragin zuzena du Lurraren ingurumenean eta zabor espaziala arazo geroz eta garrantzitsuagoan bilakatzen ari da. Hori dela eta, proiektu honek arduradunek uste dute egurrez eraikitako sateliteak espaziora jaurtitzea posiblea dela. Ez da, ordea, ohiko egurra, baizik eta espazioko muturreko tenperaturak eta eguzki erradiazioa jasateko gai izango den egur berezi bat. Lanean ari diren egurrean osagai sekretu bat omen dago, eta proiektu honen arrakastaren gakoa izango omen da. 

Egun, kalkulatzen denaren arabera, Lurrari bira ematen 6.000 satelite inguru daude, eta horietatik %60 jada ez daude funtzionamenduan. Hamarkada honetan, estimatzen da, 990 satelite jarriko direla orbitan urtero! Beraz, ez da harritzekoa proiektu hau martxan jarri dutenak kezkatuta egotea.