Jane Austen zalea bazara, haren inguruan Ingalaterran egiten den festibalera joan zaitezke
Gaurtik irailaren 21era izango da jaialdia, Bathen. Aurtengoan bereziagoa izango da, idazlearen jaiotzaren 250. urteurrena baita.
Jane Austen literatura unibertsalean arrastoa utzi duen idazle ezaguna da , eta haren liburuak irakurri edo haren istorioetan oinarritutako filmak ikusi izan ditugu gutako askok: Sense and Sensibility (Zentzua eta sentiberatasuna), Pride and Prejudice (Harrotasuna eta aurrejuzguak), Emma, Mansfield Park, Persuasion...
Abenduan bere jaiotzaren 250.urteurrena izango da, eta haren espirituak eta lanak bizirik jarraitzen du. Uda honetan Pride and Prejudice-n telesail laburra egingo dutela jakin dugu. Horretaz gain, 2001az geroztik, urtero ospatzen da haren omenezko jaialdia Ingalaterrako Bath hirian.
Jane Austen Steventon herrian jaio zen, baina urte askoan bizi izan zen Bathen, eta leku hark eragin handia izan zuen idazlearengan. Bere obretan ere agertzen den tokia da.
Aurtengo jaialdia gaur hasiko da eta hilaren 21era arte iraungo du. Garaiko jantziak soinean dituzten jendez beteko da hiria, eta bertako arkitekturaren laguntzaz, idazlea bizi zen garaira itzultzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Askotariko ekintzak izango dira hamar egun horietan: irakurle taldeak, tea hartzeko bilkurak eta gosariak, Austenen bizilekuak ezagutzeko eta hiria haren begiradaren bidez ikusteko oinezko tourrak, dantzaldiak, musikala, desfileak, liburu azoka, croquet jokoa, txanoak eta turbanteak egiteko tailerra, piknikak, eskrima tailerrak, astronomia gauak, arku-tiroa....
Joango al zinateke festibalera? Gogoan izan datorren urterako!