Jaiak in The Basque Country
Euskal Herritarrok badakigu gure herrietako jaiak nolakoak diren, baina zer diote kanpotarrek gure bestei buruz? Guk geuk, kanpora joaten garenean, xelebrekeria ugari ikusten ditugu. Beste hainbeste gertatzen zaie atzerritarrei. Ikusi bestela gure festei buruz internet-en aurkitutako perlak.
Munduan, Euskal Herriko jairik ezagunenak San Ferminak dira, noski. Hemingway-ren literaturari jarraiki, kanpotar asko etortzen da "fiesta", "siesta" eta "toro"-aren bila. Haietako batzuek badakite nora datozen, eta nolakoak diren San Ferminak. Beste batzuek, aldiz, ez dute batere argi. Horren adierazle interneten aurkitutako artikulu hau:
www.noticiasdenavarra.com/ediciones/20020714/sanfermin/d14san1605.php.
Artikulu honetan, entzierroaren inguruan kanpotarrek esandako zenbait xelebrekeria irakur daitezke. Esaterako, behin batean japoniar batzuek entzierroko korrikalariak presoak ote ziren galdetu zuten. Entzierroa eginda zigorra murrizten zutela uste zuten japoniarrek! Artikuluan irakur daitekeenez, zenbaiten ustez zezenak barrabiletatik heltzea da entzierroen ardatza. Hau marka!
Beldurra San Sebastian egunean
Udako jaiez gain, San Sebastian eguna bezalako neguko festei buruz ere aurki daiteke testu xelebrerik internet-en. Mitchell Pickett-ena, esaterako: www.hackwriters.com/sansebastian.htm. Pickett-ek ingelesa dela uste dugu Donostiako "parte viaja"-n ibili zela kontatzen du. Sekulako beldurra pasatu zuen, "erotutako jendetzaren artean, hain toki txikian Donostiako Konstituzio plazaz ari da, danborrada ikusten". Hala ere, azkenean, danbor hotsek bere bihotza hunkitu omen zuten, eta beste guztiekin batera ero moduan saltoka hasi zen. "Viva la San Sebastian" esaldiaz amaitzen da artikulua. Hala ibiliko zen Pickett, mozkor-mozkor eginda, Parte Zaharreko kaleetan gora eta behera, "Viva la San Sebastian" oihukatuz.
Bilbon: bertsolariak= raperoak
San Sebastianetatik Bilboko Aste Nagusira. Bost egun egin zituen Bilboko Aste Nagusian June Thomasek AEBetakoa, ustez. Liluratuta etxeratu zen, eta gurean ateratako argazkiak sareratzea eta interneten zerbait idaztea otu zitzaion, "Adventures in Basqueland" izenburuko idatzian. www.slate.msn.com/id/2087381/entry/2087378. Bertan dioenez, Euskal Herriak "ardo, izerdi, kolonia, oliba olio, eta tabako beltz usaina du".
Gainera, Bilboko Aste Nagusiari buruz gauza asko aipatzen ditu: adibidez, harri eta zur gelditu zen euskal raperoekin bertsolariez ari da, eta euren arropekin. Baita "erdi aroko" musika tresnak jotzen zituzten musikarien piercing eta tatuajeekin ere.
Euskara, Star Trek-eko hizkuntza
Bestalde, manifestazioak gure jaien osagarritzat jotzen ditu estatubatuarrak, berak bi ikusi zituen: "zezenketen aurkakoa arrakasta gutxi izandakoa eta separatistena".
Azkenik, euskarari buruz analisi txikia egiten digu Thomasek: euskara "deszifraezina" omen da. Hain zuzen, Star Trek filmeko Klingon hizkuntzaren parekotzat jotzen du euskara. Gainera, bere tesia baieztatzeko arrazoiak ematen ditu: Star Trek filmearen egileen artean Rene Echevarria izeneko lagun bat omen zegoen.
Euskaldunak estralurtarrak ote gara?