Jabier Muguruzak 'Txitxarroa eta atuna' diskoa argitaratu du

Haurrentzat egindako seigarren lana da eta Leire Bilbaoren hitzak ditu.

Musikari irundarrak Txitxarroa eta atuna diskoa kaleratu berri du, Leire Bilbao idazlearen hitzek eta Nieves Arillaren ahotsak lagunduta. Haurrei zuzenduta egindako seigarren lana du Muguruzak, 2005ean Mara-mara diskarekin abiatutaeta ordutik helburu jakin bat izan duela nabarmendu du musikariak, "haurrei, banan-banan hartuta, opariak egitea": "Haurra hauskorra da berez, eta nik hitzez eta musikaz egindako opariak egin nahi izan dizkiot ume hauskor horri".

Iaz grabatu zuen lana, Donostiako Mamusik estudioan, Mikel Azpiroz (Rhodes pianoa), Jean Marie Ecay (gitarra elektrikoak) eta Karlos Arancegui (perkusioak) musikariekin batera. Ahotsetan, Nieves Arillak ez ezik, Ametsa Unanue eta Albert Setien umeek ere hartu dute parte koruetan.

Azpirozek berak grabatu, nahastu eta masterizatu du diskoa. Diskoaren diseinua eta ilustrazioak, berriz, Pedro Balmasedak egin ditu, ohiko moduan.