[IZAROREN KONTZERTUA] Emozioen gailurra jota

Izaroren BECeko kontzertuan izan ez bazinen, hemen kontatuko dizugu bertan bizi izan genuena.

BECeko atetik igaro, segurtasun kontrola pasa, sarreraren QRa irakurgailuaren bidez balioztatu, eta barrura sartu ginen. Harmailetan gure eserlekuak topatu eta bertan eseri ginen. Goiz zen artean, baina gau hartan ikusiko genuena berezia izango zen ziurtasuna genuen, eta zain egoteko prest geunden. 

Olaia Inziartek eman zion hasiera emanaldiari. Gero eta ohikoagoa izaten da emanaldi nagusiaren aurreko kontzertuan ikus-entzule gutxi izatea, baina jende dezente bertaratu zen zortziak alderako. Nola ez, Olaia entzuteko irrikaz geunden eta! Liluratu egin ninduen lehen diskoa atera zuenean, eta bigarrenarekin argi utzi digu ibilbide ederra egiten ari dela. Gero eta hobeto moldatzen da eszenatokian, segurtasun handiagoa du, nabarmentzekoa da bere ahotsarekin jolasteko duen abilezia, eta sekulako indarra transmititzen du. Asko du esateko eta emateko, eta etorkizunean ere erne ibili beharko dugu. Izarok aipatu zuen bezala, maitemindu egin gaitu eta ez du atzera bueltarik.

Egin beharreko aldaketak egin, eta bederatziak aldera agertu zen Izaro agertokian. Zuriz jantzita zegoen, plataforma zuriaren gainean; elurra, hotza eta jakin-min handia sumatzen ziren harmailatik. Pantailari adi-adi begira geunden denok une oro, Izaroren mugimendu eta aurpegiera bakoitzari lotuta, ezer galdu nahi ezta. 

Hasieratik bukaerara, ezin hobeto aurkeztu zituen kantu guztiak Izarok, taldekideek lagunduta. Arreta, zaintza eta lan handia igartzen zen kantuen eta ikuskizunaren detaile bakoitzean. Lantalde osoaren eginahala eta bihotza begi-bistakoak ziren. Kanturako eta dantzarako gaitasun handia erakutsi zuen mallabiarrak, eta baita eszenatoki handi hura betetzeko eta janzteko trebezia ere. Ahotsari berebiziko garrantzia eman zion, ondo landu zuen kantu guztietan eta dantza egiterakoan ere lortu zuen horri eustea. Pop izarren pareko ikuskizuna eskaini zuen. 

Jaiotz Osaren koreografiak ikusteko gogotsu nengoen eta emozioz bete nintzen X eta besteak kantua entzun orduko. Abesti hori adituz gero, ezin izaten diot dantzatzeko gogoari eutsi. Oso dantzari kaskarra naiz, baina Osa eta gainerako dantzariak oholtzan ikusita, haiekin batera dantzatzeko gogoa sortzen da. Ikusgarriak izan ziren koreografiak eta dantzarien jarrera. Lana, talentua eta bihotza uztartzen direnean, halako emaitzak izaten dira.

Ohiko taldekideez eta dantzariez gain, beste bidelagun batzuk ere izan zituen Izarok. Janus Lester izan zen horietako bat. Bere ahotsarekin zer nolakoak egiteko gai den erakutsi zuen beste behin, eta jan egin zuen oholtza. Esanezin agertu zen Er(ho)ri kantua kantatzera, eta Izarok adierazi zuen bezala, oilo-ipurdia eragin zidan. Poztasuna agerikoa zen Ianireren aurpegian, eta bertan zegoela sinetsi ezinik zegoela zirudien, momentua gozatzen. Emozioak transmititzeko dohain berezia du, eta malko pare bat sorrarazi zizkidan.

Lagun-mina den Olatz Salvadorrekin batera kantatu zuen Libre, eta bien ahotsak eta arima uztartu zituzten. Baiuca eta Oreka Tx-en doinuekin, koreografia ikusgarriarekin eta Garazi Esnaola, Olatz Salvador eta Esanezinen ahotsekin performance gogoangarria osatu zuten. 

Valeria Castro kanariarra ere gonbidatu zuen Amiguita como tú kantatzera, eta haren talentu neurrigabearen lagin bat entzun ahal izan genuen. Alaitasuna ekarri zuten Miki Nuñez kataluniarrak eta Martin Urrutia getxoztarrak Escriurem kantuarekin. Ustekabean agertu zen Pello Reparaz, Errefuxiatuena kantatzera, eta Palestina ekarri zuen gogora Izarok. Olaia Inziarterekin batera abestu zuen Saldu genizun, Perlak EPko kantua. Ederra izan zen taldekideen ondoan eurei eskainitako Ordu biak eta laurden abestu zuenean ere. 

Paris kantuan mugikorreko argiak pizteko eskatu zuen mallabiarrak, eta argi ugariz bete zen iluntasuna. Amaieran, Akerbeltz abesbatzarekin egindako emanaldian, geratzen diren ordu guztiak igaro egingo direla gogorarazi zigun, eta bihotza beteta atera ginen handik, bizitzeko gogoz, eta gailurrak igo eta jaisteko indarrez. Izarok azken hamar urteotan egin duen bezala, bidelagun onekin eta ibilbidean topatutako perlak biltzen.