Izaro eta Elene: "Gaua biekin pasatu nahi duenak jai dauka!"

Izaro eta Elene lehengusinak txikitatik izan dira abilak musikarekin. Izaro gaztetan hasi zen plazetan kontzertuak ematen eta Elene, berriz, telebista eta antzokietan. Guztiz desberdinak diren bi ahotsen arteko koktelaren emaitza da gehien maitatzen dutena.


Zer du zure lehengusinak zuk faltan duzuna?
Izaro: Biak ezberdinak gara baina antzekotasun handiak ditugu. Ez dugu ezer faltan eta ezta soberan ere, elkarren osagarri gara eta hortik dator gure ikuskizunaren izena: Batera Live. Elkarrekin goazelako, eskutik helduta.
Elene: Bakoitza bide batetik dator; Izarok plazan jorratu du bere zaletasuna eta nik, berriz, telebistan edo antzokietan.

Betidanik izan zarete musikan trebeak, sexuan ere horrela izan da?

I: Inor ez da dena ikasita jaiotzen eta musikan egunero gauza berriak ikasi ohi diren bezala, sexuan ere egunero ikasten da.
E: Bai batean bai bestean ikasten joaten gara. Nire kasuan ere, horrela izan dela pentsatzen dut…

Musikari esker Euskal Herriko txoko ugaritan ibiliak zarete, ligatzeko laguntzen al du horrek?

I: Topiko bat dela esango nuke. Nire kasuan ez.
E: Jendea ezagutzeko parada ematen du… hori ona izan daiteke, baina bere neurrian.

BiGira, ETBko saioan lortu zenuten arrakasta gorena, elkarrekin. Inoiz borrokatu behar izan duzue jarraitzaile berberarengatik?

I: Ez.
E: Dos mujeres y un destino? Ez, momentuz ez gara horretara iritsi, kar, kar.

Eta jarraitzaile baten ametsa gaua biekin pasatzea bada?

I: Ba… ametsetan jarrai dezala! Ametsak hain merkeak dira!!! Kar, kar.
E: Nire aldetik behintzat jai dauka!!

Zuek duzuen altxorrik preziatuena, ahots kordak dira. Intimitatean erabilgarria da hori?

I: Bai noski! Belarri izkinara hitz egin…
E: Ahotsak ez du soilik abesteko balio, ez?

Nola definitzen dituzue sexuaren notak?

I: Do notatik Do notarako bidea. Mendian gora haritza…
E: Izaroren erantzunarekin geratzen naiz. Imanolen kantuak ederki definitzen du.

Talde eta izaera desberdinen bertsioak egiten dituzue, lirikotik hasi eta rockera iritsi arte, larrutan zein aukeratzen duzue?

I: Momentuan sortzen denaren arabera, egun eta gau guztiak ez baitira berdinak…
E: Heavy metala.

Zein da larrutan egiteko agertokirik gogokoena?

I: Larrua gora, larrua behera… a ze saltsa, ezta? Irakurlea bera ere, ez ote da berotuko?
E: Agertoki? Apur bat zaila agertoki batean hori egitea, baina… hala balitz, bat edo beste aukeratzeaz baino gehiago, agertokia husteaz arduratuko nintzateke!

Zein da gehien miresten duzun abeslaria?

I: Ezin dut abeslari edo talde bakar baten izenik eman, ez eta musika estilo bakarrarena, asko dira. Baina, batez ere, emakumeen ahotsei jartzen diet arreta.
E: Musika mota bakoitzak bere errege edo erregina du. Musika mota asko entzuten ditut, baina nire erregina Liza Minnelli izango da beti.