Izaro, Eñaut Elorrieta eta Idoia arituko dira gaur Gernikako Haziberri jaialdian
Arratsaldean hasi eta gauera arte hiru artisten musikaz gozatzeko aukera izango da Europako Herrien Parkean.
Iaz jarri zuten martxan Haziberri ekimena, eta osasun egoerak erronka zaildu zuen arren, balorazio ona egin zuten antolatzaileek. Aurtengoan ere bueltan dira, beraz, euskal musikan ezagunak diren hiru artistarekin: Idoia, Izaro eta Eñaut Elorrieta. Elkarlanean arituak diren hiru sortzaile dira gainera.
Idoia Asurmendik duela bi urte hasi zituen Musika-pedagogia ikasketak Musikenen. Betidanik bizi izan da abestiz inguratuta, eta txikitatik hasi zen etxeko instrumentuekin jolasean. Abestien bertsioak egiten zituen hasieran, baina bereak sortzeari ere ekin zion gero. Ilun eta abar diskoa kaleratu zuen iaz, eta bertan Eñaut Elorrietarekin abestutako 25. artikulua kantua dago.
Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldearekin egin zen ezagun Euskal Herrian eta baita geure mugetatik kanpo ere. 2013. urtean bere bakarkako ibilibideari heldu zion Deserriko kantak lanarekin. Ordutik, hainbat disko kaleratu ditu abeslari gernikarrak eta hamaika kolaboraziotan ikusteko aukera izan dugu. Irteera argiak izeneko lana da kaleratu duen azkena, eta baita konfinamenduan sortutako Harbide Zilar Bat abestia ere.
Izarok 2016an Om diskoa kaleratu zuen eta handik bi urtera Eason. Limones en invierno iritsi zen ondoren, 2020an, Espainiako Estatuko bigarren diskorik salduena izan zena. Limones de oro ere plazaratu berri du, bere kantu ezagunen bertsioak dituena batik bat, beste hainbat artista ezagunekin batera. Euskal Herriko hainbat areto handitako sarrerak agortu izan ditu denbora gutxian eta zenbait sari ere jaso ditu. Film batzuetarako kantuak ere sortu izan ditu. Formatu akustikoan arituko da Gernikan.
Ateen irekiera 18:00etan izango da Europako Herrien Parkean, eta DJ-a egongo da atseden gunean. Kontzertua 19:45ean hasiko da eta bukaera gaueko hamabi eta erdiak aldera izango da. Sarrerak agortuta daude jada.
