Izarkomek eta Onarok Internet bidezko 'Begizta' telebista plataforma sortu du
Web bidezko nabigatzaile bidez edo telebista adimendunetan ikusi ahal izango da urtarrilaren 2tik aurrera.
Izarkom eta Onaro telekomunikazio operadoreek Begizta izeneko plataforma sortu dute, euskaraz emititzen duten telebista kanal guztien bilgune izateko asmoz. Bertan emitituko dituzte, besteak beste, ETB, HamaikaTB, Goiena, Kanaldude eta Xaloa. 65 kate inguru ikusi ahal izango dira guztira.
Lehen fasean kateen zuzeneko emankizunak izango dira, eta gero nahieran zerbitzuaren aukera zabalduko diete euskarazko tokiko kateei. Etorkizunean euskarazko kanal propioak sortzeko asmoa ere badute.
Izarkomeko Iker Garaialderen hitzetan, "euskarazko tokiko telebistak euskal herritar guztiengana heltzeko zubia eta aldi berean herritar guztiei Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzeko sortua da".
Konturatu ziren operadorea aldatu nahi dutenek telebistarik gabe geratzeko arriskua dutela eta horregatik jarri dute martxan proiektu hau: "Bazegoen Izarkomera etortzeko prest zegoen jendea, baina gaur egun herritar askok etxean telebista Internet bidez jasotzen dutenez, arazo hori zuten".
Begizta web bidezko nabigatzaile bidez edo telebista adimendunetan ikusteko moduan izango da urtarrilaren 2tik aurrera. Bezeroek hilean 2,95 euro ordaindu beharko dituzte kanalak ikusteko.
Ezaugarri nagusien artean, gailu ezberdinen bitartez ikusi ahal izateko modua, erreprodukzio kontrola eta bost profil sortzeko aukera nabarmendu dituzte.