IX. Bertso Paper Lehiaketa antolatu dute Bermeon

Aurten bederatzigarrenez Bertso Paper Lehiaketa antolatu du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. Bermeotarra bazara edo Bermeon ikasten baduzu, eta parte hartu nahi izanez gero, martxoaren 8ra bitarteko epea duzu zure bertso paperak bidaltzeko.



Gazte bermeotarrek edo Bermeon ikasten duten gazteek bertsolaritzan dituzten dohainak erakusteko aukera dute beste urte batez IX. Bertso Paper Lehiaketan. Bi kategoria banatu dituzte antolatzaileek: 11 eta hamalau bitartekoak batetik, eta hamabost eta hemezortzi urte artekoak bestetik.

Lehen mailan daudenek hiru bertso bidali beharko dituzte, gai eta neurri librean, eta bigarren mailakoek, aldiz, gutxienez lau eta gehienez sei bertso; hauek ere gai eta neurri librean. Beren sorkuntzak bidaltzeko epea martxoaren 8ra bitarte izango dute zabalik. Ezizenez sinatuta eta adina zehaztuz ikastetxean aurkeztu behar dituzte lehenik, eta bertan zerrenda osatutakoan, haiek jarriko dira harremanetan Udaleko Euskara Sailarekin.

Sari politak
Epaimahai lanetan ariko diren bertsolariek hainbat irizpide baliatuko dituzte kategoria bakoitzeko bertso-paper txukunenak zeintzuk diren ebazteko. Besteak beste, kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna izango dituzte kontutan.

Maila bakoitzeko bi lan onenek sari politak eskuratuko dituzte: lehen mailako irabazleak eta bigarren sarituak bertsogintzarako materiala jasoko dute; bigarren mailako irabazleak, aldiz, udako bertso-egonaldia, eta bigarren mailako bigarren sailkatuak, azkenik, bertsogintzarako materiala. Baina ez hori bakarrik, beren bertsoak kantatzeko aukera ere izango dute Nestor Basterretxea Aretoan antolatuko duten saioan, eta parte hartzaile guztiek oroigarri bana jasoko dute bertan.