Itzuli da euskal super-heroia

Pololoak trilogia osatzen duen lana durangoko azokan aurkeztuko da: 'Atxeritoko balada'. Poxpoliñekin obsesionaturiko heroiaren istorioa nola bukatzen den jakin ahal izango dugu azkenean. 


Xabiren istorioa hainbat eta hainbat euskal gazterena bezala hasten da. Bere kezka nagusia sexua da, edo hobe esan, sexu gabezia. Gurasoak jeltzale amorratuak izan arren, Jarraiko bileretara joaten da institutuan, bertako neskatoak gustatzen zaizkiolako. Eta halaxe gertatzen zaio dentista pinpirinarekin, ileapaindegiko laguntzailearekin, okindegiko alabarekin...  

Xabiren bizitzan ezohiko koktel bat gurutzatuko da, ordea: Bardeetako eguzki zitala, bolatxo homeopatikoak eta lurrean zorabiatuta topatuko duten bi txirrindulari lirainen izerdiaren lurrin gozoa. Xabinaitor bihurtuta esnatuko da intsolaziotik. Eta hortik aurrera hamaika abentura izango ditu, ertzainengandik eta guardia zibilengandik ihesi, edo Mari jainkosaren laguntzaz, arriskuan dagoen poxpolin oro salbatu nahian.

Durangoko Azokan Pololoen trilogiako hirugarren lana, Atxeritoko balada, kaleratuko du Patxi Gallego komikigileak (Orereta-Errenteria, 1973). Lehen atalean, Poxpoliñen lurriña (2004), nobela, ilustrazioa eta komikia maisuki konbinatuz Xabinaitorren istorioa kontatu zuen. Bigarrenean, Poxpoliñaren bahiketa (2006) Kariñerekin izandako maitasun istorioa zen ardatza.

Azokan ikusi beharko da euskal super-heroiaren itzulerak zer dakarren. Aurreko atalen bideari jarraitzen badio, argi dago gatazka politikoa, euskal mitologia eta folklorea, eta gizartearen ohituren gaineko begirada ironikoa gozatu ahal izango dugula. Eta ezusteko bat baino gehiago eskainiko duela.

Xabinaitor + Wazemank


Gorringo konpainiak, Wazemank egiten duen taldeak, oholtzara eraman du Xabinaitorren istorioa. Anartz Zuazua da zuzendaria eta Mikel Pagadizabal super-heroia. Mikel Laskurain, Egoitz Lasa, Ainere Tolosa, Isabel Agirresarobe, Asier Sota eta Anjel Alkainek osatzen dute aktore taldea. Aurre-estreinaldia Villabonan egin zuten, joan den azaroaren 21ean. Urtarrilaren 22an Ordizian, otsailaren 5 eta 6an Tolosan, otsailaren 14ean Arrasaten, otsailaren 20an Elgetan eta martxoaren 23 eta 24ean Bilbon izango dira.