'Itzal(iko) bagina' eta 'Sarri min ematen du akordatzeak' emanaldiak izango dira Loraldian
Hainbat galdera planteatuko dituzte bi ikuskizunek, batak bertsolaritzatik abiatuta eta besteak Sarrionandiaren unibertsotik.
Loraldia Festibalak azken ekitaldiak egingo ditu asteburu honetan eta gaur bi emanaldi berezi izango dira egitarauan: alde batetik, Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, eta Lokatz Loreak sormen taldearen Itzal(iko) bagina, eta, beste aldetik, Joseba Sarrionandia eta Ibarrekolanda BHIren Sarri min ematen du akordatzeak.
Itzal(iko) bagina ikuskizuna kanpo eta barne munduen arteko jolasa da. Hiru pertsonaia eta hiru esanahi elkartuko dira, maindire baten atzean zein aurrean. Lehia, lotsa eta gorputza. Berdea, gorria eta morea. Bertsoaz hitz egingo dute baina baita beste gai batzuei buruz ere: osasun mentala, botere posizioak, familia(k)…
Emanaldia 19:30ean izango da La Terminal T1en, 19:30ean. 60 minutuko iraupena du eta sarrerak hemen eros daitezke.
Bestetik, Ibarrekolandako Batxilergo artistikoaren ikasleak Joseba Sarrionandiaren unibertsoan murgildu dira eta Sarri min ematen du akordatzeak sormen lana egin dute. Antzerkia, dantza, poesia, musika… uztartuko dituzte eta Iurretako poeta bera ere izango da gazte haien artean.
Hainbat galdera planteatuko dira: "Nor da poeta heldu berria? Nondik dator? Zerk ekarri du bueltan? Badago joan zena etorri egin dela esaterik ala oraindik ere joanean dabil? Badago inoiz itzultzerik? Zerk bultzatu zuen joatera? Zergatik? Zein da bere jatorria? Badu aberririk ala ez den herrialde baten kartografoa da? Oraingo hau al da orduko hura? Eta gu? Bagara ginena? Bagara ginenak? Ikusten duena da gogoratzen zuena? Zer du gogoan poetak? Eta guk, zer dugu guk gogoan? Zer oroitzen dugu? Akordatzen gara ala akordatu barik bizi gara? Ba al gara ezer oroimenaz besterik?".
Emanaldia La Terminal T2n izango da, 21:45ean. 40 minutuko iraupena izango du eta sarrerak hemen eskura daitezke.