Itxarotearen balorea, berehalakotasunaren kulturaren aurrean
2020ko martxoraino eraman gintuen bizitza helmugarik gabeko sprint bat zen. Helburu bakarra abiadura gehiago hartzea zen. Gehiago, beti gehiago. Berehalakotasunaren kultura. Eta bat-batean dena gelditu da.
Osasun alarmak guztia geldiarazi zuen tanpez. Garraioak, lanak, ekonomia baina batez ere gizartearen erritmo frenetikoa. Orain ordea, ez dugu kasik bi pausu azkar batean emateko ere tarterik, lorategia dutenak beharbada korrika txikiren bat. Berriz ere kalera itzultzen hasten garenean bi balazta izango ditugu: birusaren beldurra eta zenbaki gorrietatik hurbil dagoen kontu korrontea.
Geldialdi honek hankak lurrean tinkatzera behartu gaitu, Marten etxeak eraikitzeaz amesten ari ginenean hilezkortasuna eskuratzen genuen bitartean. Orduan iritsi zen birusa esateko animali hilkor hutsalak garela, mundua kolapsatuz.
Osasun krisi honek gizartearen azken txokoraino izan du eragina. Eraiki ditugun bizimoduei modu krudelean eragin die, gure baloreen inguruan hausnartzera behartuz. Hau gertatu arte esperientzia berrien bila genbiltzan etengabe, aspermenari iheska. Orain, aspermenaren barruan sortzaileak izateko garaia da. A zer aldaketa!
Azken asteetan gelditasuna nagusitu da, itxarotearen balorea, berehalakotasunaren kulturaren aurrean. Gertukoa, errutinak. Guztia birplanteatu beharrean aurkitu gara, mito bat hautsiz: pertsona interesgarriak alde batetik bestera doazenak dira, bidaiatzen dutenak, gauzak egiteari uzten ez diotenak, ez direnak inoiz gelditzen. Ez direnak mugitzen berriz, a zer katetoak!
Izan ere, orain arte kapitalismo betean bizitu gara: erosi, bidaiatu, joan, etorri, egin, erosi, erosi, erosi... amaierarik gabe. Berriari laudorioak, ezberdinari, aldaketari, estreinatzeari, botatzeari, kontsumitzeari. Mespretxuak errutinei eta errepikatzeari. Esperientzia berriak etengabe bizitzea ordea, nekagarria izan liteke. Gainera, gutxik dute denbora eta dirua modu horretan etengabe bizitzeko.
Adituen arabera ordea, esperientziak errepikatzea jendeak pentsatzen duena baino aspergarriagoa izan daiteke. Gure egunerokotasunak erakutsi liezaguke berrikuntza gainbaloratua dagoela. Izan ere, erosketa egiten dugunean nahiago ditugu produktu ezagunak ezezagunen aldean. Berdina gertatzen da tabernekin, dendekin edota udako oporrekin. Gustatzen zaigun abestia behin eta berriz entzuten dugu. Bideo-joko berdinetara jolasten dugu nekatu arte. Ez da arraroa pelikula edo liburu bat bigarren aldiz ikusi edo irakurtzea. Ikerketek diotenez, ezagutzen dugun horretara berriz itzultzeak ez du esan nahi esperientzia berdina izango denik, sentsazioak aldatu daitezke; ala beti berdina sentitzen duzu disko berdina entzuten duzunean?
Hala ere, itxialdi hitzak bakarrik egonezina sortzen du. Zabaltzean ulertzen dugu pertsona bezala hazten ari garela, mugimenduarekin, aniztasunarekin. Baina hau ez da formula matematiko bat. Izan ere, sortzen duen orok ordea kontzentrazioa behar du, atetik barrualdera lan egitea. Konfinamendua aukera paregabea da inguru ezagun batean egonda ere gauzez gozatu daitekeela ulertzeko. Mugek ere nolabait kreatibitatea sustatu dezaketela jakiteko.
Horretarako ordea, geldi egoteari diogun beldurra uxatu behar dugu. Norbere pentsamenduetan sakontzean, pertsona asko ohartuko dira badaudela aukerak garatzeko ingurune ezagunean ere. Errutina baloratzen ikasteak hausnartzeko beta ematen digu. Lehen gehiegizko estimulazio soziala genuen, baina bizitza azalekoa zen. Ezinezkoa zen zerbaitetan sakontzea.
Konfinamendu denbora honek ordea, ezinbestean errepikamenera garamatza: espazio berdina, pertsona berdinak, objektu berdinak. Aukeratzeko gutxiago dago orain, baina gure barruan leku intimoago bat sortu dezakegu horren ordez. Behatzera geratuz, denbora sakondu egiten da eta irizpide hobeak garatu ditzakegu guztia aztertzeko. Pentsatzeko denbora gehiago dugu.
Adituek aipatu dute itxialdian uste duguna baino askatasun gehiago dugula. Lehen asko atera behar genuen eta gauza asko egin, askotan guretzat baino besteentzat. Orain askeagoak izateko beta dugu. Etxe barruan nahi duguna egin dezakegu gure denborarekin. Gakoa galdera hau egitea da: Nire denbora aprobetxatzen ari al naiz? Orain ikusten ez zaituztela, epaitzen ez zaituztela, gauza asko egin ditzakezu, edo ezer ezer egin. Zure esku dago.
Garaia da lehentasunak ordenatzeko, besteek esaten dizutenari kasu egiteari uzteko eta zuk erabakitzeko egin nahi duzuna (edo ez duzuna). Zure burua zaindu, maite dituzunekin egon eta benetan onuragarri zaizkizun ekintzak egin. Gerora ikusiko dugu zer etorriko den, baina bitartean profitatu aukera hau.