'Itsatsita' websail musikala estreinatuko dute bihar sare sozialetan
90 segundoko atalak igoko dituzte Instagramen eta TikToken. Miren Arrieta eta Gari Uriarte dira protagonistak.
EITBk Itsatsita euskarazko websail musikala eskainiko du bihartik aurrera Instagram eta Tik-Tok sare sozialetan. Pegados antzezlan katalanean oinarritutako istorioa da, eta diskotekan, ezagutu berritan, sexu harremanak izaten ari direla elkarri "itsatsita" edo trabatuta geratu diren bi gazteren istorioa kontatzen du.
Honela azaldu du EITB-k websailaren nondik norakoa: "Diskoteka baten iluntasun zaratatsu eta beroan elkarrekiko erakarpena sentituko dute bi gaztek. Komunean sartuko dira eta sexuaren unerik gorenean "itsatsita" geratu direla jabetuko dira (medikuek "penis captivus" deitzen diote egoera horri). Larrialdietara joan eta egoera surrealista grabatu eta Instagrametik kontatzen hasiko dira. Jarraitzaileak igo ahala, tentsio egoera horren erdian elkar ezagutzera kondenatuta egongo dira. Umorea, tentsioa, musika, aitortzak, bizitza... horiek denak pasako dira ospitaleko boxean. Ospitaletik ateratakoan, ordea, protagonistak jada ez dira sartu zirenak izango".
Dupla taldeko Gari Uriarte eta Miren Arrieta dira aktore nagusiak eta Iker Huitzi arituko da erizainaren paperean.
90 segunduko 39 atal izango dira guztira eta bihar, osteguna, zabalduko dituzte lehen atalak Instagram eta Tik-Tok sare sozialetako @itsatsita_eitb kontuan. Gaztearen sare sozialetan ere ikusi ahal izago dira atal batzuk, eta urriaren bukaeran Primeran plataforman zintzilikatuko dute osorik, film bilakatuta.