Itsasoari begira

Itsasoak presentzia handia izan du beti Euskal Herrian. Arrantzaleak pertsonaia garrantzitsuak izan dira gure bizitzan. Baina horrek guztiak jarraipena izan dezan, arreta berezia zor diogu itsasoari.


Kostaldeko herrietako biztanleek lotura handia dute itsasoarekin, eta arrantzaleek beraiek zer esanik ez! Itsasoarekiko lotura hori, euskal kulturan bertan ere suma dezakegu: artean, musikan, literaturan, gastronomian….

Zapo itxurako arrain baten hezurrak aztertuta, duela 8.300 urte (mesolitiko garaian) Euskal Herrian gizakiak itsasora arrantzara joaten zirela jakin dugu. Garai hartan, kostatik bi kilometrotara urruntzen ziren itsas elikagaien bila (elikagaien erdia, Kantauri itsasotik ateratzen zuten). Urte horietan, noski, itsasontziak eta arrantza-tresnak egurrez egiten zituzten. Orain, berriz, teknologiari esker, ur sakon urrunetan arrantzatzea gauza erraza bihurtu da; baina aurrerakuntza horrek kalte handia dio bioaniztasunari, espezie asko desagertu egin baitira, eta beste batzuk, desagertzeko arrisku bizian daudelako.

Arbasoak, itsasoari loturik

Gure arbasoak itsasgizonak ziren, eta baleak arrantzatzera joaten ziren Ternuara. Geroago, ur hotzetara bakailao bila joaten hasi ziren. XX. mende hasieran, Pasaiako portuan 200 itsasontzi zeuden. Orain, ordea, 15 edo 20 arrantza-itsasontzi besterik ez dira gelditzen. Gisa horretara, egungo arrantzaleek antxoari, berdelari eta hegaluzeri esker irauten dute.

Kutsadura izan da arazo nagusietako bat gure kostaldean. Denok dugu gogoan, Prestige itsasontzia hondoratu zenean, nola geratu zen Galiziako kostaldea —eta baita geurea ere!—: hondartzetan ezin bainatu ibili ginen, eta arrainak jaterakoan kezka sortu zen. Kutsadurak, bestalde, zuzenean eragin zion hegaztien ugalketari. Dena den, gure arrantzaleek ahalegin handia egin zuten ingurumenean eragina murrizteko. Baina, zoritxarrez, horrelako milaka kasu gertatu dira: batzutan, marea handien eraginez gertatu dira ezbeharrak, eta beste batzutan, nahita.

Era berean, azpiegitura asko eraikitzen ari dira itsaso inguruan, eta hauek ere kalte handia egiten dute: energia sortzeko planta energetikoak; itsaso-garraiorako azpiegiturak, arrain-haztegiak, komunikaziorako sareak… Arrantzaleen egoera larria ikusita, tristea da garai batean arrantza herri indartsuak izandakoetan kirol-itsasontziak ugaritzen ari direla ikustea. Kontua ez da txantxetakoa: Euskal Herriko herri askotan kirol portuak eta proiektu erraldoiak jarri nahi dituzte martxan: Mutrikun, Pasaian, Orion, Lekeition, Donostian, Bakion, Zarautzen, Armintzan… zerrenda luzea da, benetan.

70eko hamarkadan, gure kostaldea oso kutsatua zegoen. Garai hartan, ez genuen gaur egun adinako kontzientziarik gure ingurunea zaintzeko. Garai hartan, etxeetako eta ibai ertzetako hondakin guztiak ibaietara isurtzen genituen, eta noski, gero hondakin horiek itsasora joaten ziren. Pixkanaka gure ardura handitu egin da, eta azken hamar urteotan, gauzak aldatu egin dira; besteak beste, industria kutsakor batzuk desagertu egin direlako. Halere, salbuespenak badaude: Pasaiako badiak eta Nerbioi eta Deba ibaiaren bokalak nahiko kutsatuta jarraitzen dute.

Turismo arduratsua

Normala da opor garaian itsasora hurbiltzea: hondartzak, itsaslabarrak, dunak… baina ekosistema hauek 6.000 urte behar izan dituzte osatzeko. Turismoaren eraginez, kostaldean lurraren presioa oso handia da gaur egun; gainera, ekosistema hauek oso hauskorrak dira, eta zaintza berezia behar dute. Gaur egun, gizakiok hainbat gauza egin ditzakegu itsasoan: hondartzan bainatu, itsasontzian ibili, itsasbazterrez eta urmaelez gozatu, surf-ean ibili, edo urpekaritza praktikatu —itsas hondoan dauden animaliak eta landareak ikusiz—. Baina ekintza hauek guztiak modu arduratsuan egitea komeni da.