Itsas kulturaren berri sarean
Albaola Elkarteak, Albaola.com webgunea sortzearekin batera, Itsasotik begira izeneko aldizkaria sortu du Sarean, Euskal Herriko itsas kultura jendarteratzeko ahaleginean.
Euskaldunon itsas ondarea eta kultura berreskuratu eta ezagutaraztea du helburu nagusia Albaola Elkarteak, oraindik ere normalizaziorantz "bide luzea" egiteke dagoela uste baitute.
"Itsasoa ustiatzeko leku bat baino gehiago dela, gure memoriaren putzu sakona eta aldi berean gure etorkizuna ere badela ikusarazi nahi dugu", diote elkartetik. Eta bi bitarteko berri sortu dituzte bide horretan.
Alde batetik, Albaolaren lan eremu eta ildo nagusiak (ontzigintza tradizionala, formakuntza, ikerkuntza, nabigazioa, gizarteratzea, ingurumena, giza baloreak ) ezagutaraziko dituen webgunea jarri dute martxan: Albaola.com.
Eta, horrekin batera, aldizkari digital gisara funtzionatuko duten Itsasotik begira bloga sortu dute. Bertan, Euskal Herriko zein munduko itsasoko berriak, erreportajeak, kronikak, elkarrizketak eta literatur gomendioak argitaratuko dituzte aldiro-aldiro.
"Hemendik aurrera, Euskal Herriko itsaso zaleok baditugu bi ontzi gehiago gure eremurik libre, zabal eta erakargarrienaz gozatu ahal izateko", adierazi dute pozez.
GAZTEZULOn, maiatzeko zenbakian jorratu genuen elkarte honen inguruko erreportajea.