Itaiak jardunaldi nazionalak egingo ditu bihar Hernanin

Emakume langileen zapalkuntza aztertzeko hiru hitzaldi izango dira jardunaldian, eta kontzertuekin borobilduko dute eguna.

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak jardunaldi nazionala egingo du bigarren urtez jarraian. Hernanin elkartuko dira bihar,  "emakume langileok egunerokotasunean gure gaitasun teoriko eta politikoak garatzeko ditugun oztopoen aurrean, gure zapalkuntzaren inguruko analisiak egin eta honi aurre egiteko ditugun erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat sortzeko".

Goizeko hamarretan elkartuko dira Latxunbeko kirol gunean jarriko duten karpan, eta orduerdi geroago izango da aurreneko hitzaldia: Emakumeon zapalkuntzaren azterketa eta horren ondorio politikoak. Itaiako kideek azaldu dutenez, "zapalkuntza osotasun sozialaren baitan ulertzeko oinarrizko gakoak" emango dira, ulerkera horren "ideia nagusiak" azalduz eta berekin dakartzan "erronka politikoak" aztertuz.

Eguerdiko 12:30ean, berriz, Emakume langileon egoera egun. Joera ekonomiko, politiko eta kulturala hitzaldia izango da. "Krisi kapitalistaren testuinguruan, emakume langileon zapalkuntzaren egungo joera nagusiak identifikatuko dira, ahalik eta eraginkorrenak izango diren estrategia politikoak martxan jarri ahal izateko. Arlo ekonomikoa, politikoa zein kulturala landuko dira", zehaztu du Itaiak.

Bazkaltzeko tartearen ostean, arratsaldeko bostetan izango da hirugarren eta azken hitzaldia: Emakume frontearen erronkak eta emakumen ahalduntze politikoa. Zenbait galdera hartuko dituzte abiapuntu modura saio horretan: "Zein da egun Mugimendu Sozialistaren baitan emakumeon fronteak betetzen duen lekua? Zein ekarpen egiten dio Mugimendu Sozialistak emakumeon askapenari?" 

Hiru hitzaldien ondoren kontzertuak ere izango dira: Ithaka, Trikoma, J Martina, eta Malakias & Maixa. Urretxu eta Zumarragan (Gipuzkoa) egin zituzten jardunaldiak iaz, eta antolatzaileen arabera, 700 pertsona inguru bildu ziren bertan.