ISTORIO MISTERIOTSUAK (I): Andresito, Gasteizko Ogasunaren eraikineko mamu gaztea

Urrian zehar, asteazkenetan, Euskal Herriko zenbait istorio misteriotsuren berri emango dugu. Gaurkoan, Gasteizko Andresito mamuari buruz arituko gara.

Gasteizko harresiaren kanpoaldean zegoen 7000 metro karratu inguruko eraikina zen San Frantzisko komentua. 1236. urte inguruan eraiki zuten, eta komentuaren gainbeheraren ondorioz, 1845ean estatuak hartu zuen eta kuartela jarri zuten bertan. 1927an udalaren eskuetara igaro zen eta 1930ean eraikina eraitsi egin zuten. Gero, administrazioarekin lotutako eraikinak egin zituzten, tartean Espainiako Polizia Nazionalaren bulegoa eta Ogasunarena.

Eraikina botatakoan, mamu baten inguruko kondairak zabaltzen hasi ziren Gasteizen, eta are gehiago zabaldu zen 90eko hamarkadan, eraikin berriak egiten hastean. 1994an, gauez, zaintza lanetan ari zen langile batek ume bat eta aitona bat ikusi zituen, eskutik helduta. Poliziaren laguntza eskatu zuen baina haiek bertaratu zirenerako, ez zen inor bertan. Andresito jarri zioten izena hamar urte inguruko mutikoa zirudien mamuari.

Langileak gauetan bertan egoteko beldur omen ziren, eta segurtasuneko arduraduna jarri zuten gela guztiak giltzaz ixteko, goizetan paperak nahastuta eta gauzak tokiz aldatuta topatzen zituztela eta. Argi eta orbain arraroak ere agertzen omen ziren. 

Prudencio Muguruza fenomeno paranormalen ikerlariak ezohiko gauzak gertatzen zirela ziurtatu zuen, eta zenbait lagunek Andresito eraikinaren barruan pilotarekin jolasten ikusi zutela.

Santos izeneko polizia batek grabazioak egin zituen gauez, eta grabazio hartan garrasiak eta kexak entzuten omen ziren. Inguruko etxeetako zenbait bizilagunek umeen barreak eta ume bat pilotarekin jolasten entzun izan omen zituzten, eta leihoen artean ere ikusi omen zuten Andresito, baita arropaz aldatzen ere. 

Garai bateko Amaya okindegia ere bisitatu omen zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan. Izan ere, okindegiaren atzealdeak konbentu zaharraren arrastoak zeuden tokira ematen zuen, eta Andresitoren espiritua bertan bizi zelakoan zeuden. Hala, Andresitori keinu eginez, izen bereko galletak sortu zituen okinak.