Istanbuletik Irlandarako ibilbidea oinutsik egin duen irlandarra
Urtebetez ibili da hanka-hutsik, eta minari eta lesioei aurre egin behar izan dien arren, helmuraga heltzea lortu du.
34 urteko Eamonn Keaveney irlandarrak Munduko Guinness errekorra lortu du Istanbuletik (Turkiatik) Claremorriserako (Irlanda) ibilbidea oinez oinetakorik gabe egin duelako. 6.805,83 kilometro egin zituen 369 egunetan, eta martxoaren 7an iritsi zen bere sorterrira. Gainera, errekorra eskuratzeaz gain, ongintzarako bi erakundeetarako 21.000 eurotik gora ere bildu du.
Keaveney errekorrak hausten zalea da. 2016an 2.080,14 kilometro oinutsik oinez egin zituen Irlandan, bi urte geroago hamar mendi igo zituen ortozik hamar egunetan, eta 2020an monozikloan Irlanda gurutzatzen azkarrena izan zen. Errekor berri honekin Pawel Durakiewicz poloniarrak 2024an egindako errekorra hautsi du, hark 3.409, 75 kilometro egin baitzituen oinutsik ibilian.
Turkian abiatu zuen balentria, eta hainbat herrialdetatik igaro zen hanka-hutsik: Bulgaria, Errumania, Hungaria, Austria, Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Gales, eta azkenik Irlandara iritsi zen.
Aurrez ibilbidea aurreikusi bazuen ere, malgutasunez jokatu zuela kontatu du irlandarrak. Bidaian zela hurrengo egunak antolatzen zituen, eguraldiaren, eremuaren eta behar logistikoen arabera. Hala ere, bere aurreikuspenak gainditu zituen, uste baino kilometro gehiago egitea lortu baitzuen.
Landa eremuan zein asfaltoan ibili behar izan zuen, eta beroari eta hotzari ere aurre egin behar izan zion. Beroa zela eta, zenbait tartetan egun batez edo biz geldialdia egin behar izan omen zuen.
Errekorraren aurretik oinetakorik gabe ibiltzen eta trostan ohitu zen, baina, hala ere, oinek sufritu egin zutela aitortu du: "Marruskaduraren eraginez, azala higatu eta odola sortzen zitzaidan. Horretaz gain, arantzak eta beira zati txikiak ere izaten nituen". Ibilbidearen amaiera aldera, basaran arantza batek infekzioa eragin zion eta astebetez egon behar izan zuen geldirik. Bukatzeko astebete falta zuela, berriz, behatz batean lesioa izan zuen, eta hilabete behar izan zuen osatzeko.
Traba nagusietako bat urtebetez gainean zeraman karga izan omen zen. Izan ere, soinean zeraman poltsan garraiatu beharra zeuzkan elikagaiak eta egunerokorako beharrezkoa zuena.
Keaveney ez zen une oro bakarrik egon. Ibilbidearen lehen zatian bere bikotekideak lagundu zion, hura oinetako eta guzti ibili bazen ere. Jendearen aldetik harrera ona izan zuela nabarmendu du, batez ere jakin-mina sortzen zuela, eta laguntza eman zionik ere izan zela azaldu du. Jatetetxeetan eta dendetan oinetakorik gabe sartzeko uste baino oztopo gutxiago izan zituela ere azpimarratu du.
Orain atsedena hartzen ari da irlandarra, urtebeteko ibilaldiaren ostean. Hala ere, ez du baztertu etorkizunean beste erronkaren bati heltzeko aukera.