Ismail Kadare: Kulturaren rapsoda

1970ean "Gudaroste hilaren jenerala" Parisen argitaratu zenetik, idazle honen sonak gora egin zuen. 1936an jaio zen Albaniako Gjirokaster hirian. Bere obra eta bizitza erabat loturik daudela esan daiteke. Ikasketak Moskuko "Gorki" institutuan egin zituen arren, laster piztu zitzaion handik ihes egiteko gogoa. Bertako giro arnas ezina ez baitzen egokiena askatasunean idazteko. Bere herrira itzultzean, ordea, gauzak ez ziren gehiegi hobetu. Albanian indarrean zegoen erregimen totalitarioak kontrol izugarria zuen arlo guztietan. Garai hartan hasi zen Kadare liburuak argitaratzen eta prentsa literarioaren esparruan lan egiten. Berehala bihurtu zen Albaniako letren erreferentzia garrantzitsuenetakoa. Horri esker, hauteskunde zerrendetan sartu zuen botereak, berari kontsultarik egin gabe. Diputatu aukeratu zuten jarraian. Handik aurrera hasi ziren komeriak. Kadarek bilatzen zuen idazteko askatasun hori murriztua geratu zen. Bere egoera pertsonala gero eta zailagoa zen. "Negu luzea" obra argitaratu ostean, zenbaitek bere atxiloketa eskatu zuten, arrazoi ideologikoak zirela medio. Enver Hoxha agintari nagusiak, ordea, ez zuen eskaera aintzat hartu. Harreman berezia izan baitzuen idazleak bere herriko liderrarekin; erakarpena eta presioa, biak nahastuta. Zentsura gainditzeko, trikimailu literarioak bilatu zituen idazleak, absurdoaren eta irudimenaren bidez, erregimenaren gehiegikeriak salatzeko. Erregimen horren baitan bizirautea jasanezin bihurtu zenean, Parisera erbesteratu zen Kadare, 1990ean. Geroztik han bizi da eta bertatik jarraitzen du idazten.
Albaniarraren obran, iragana eta oraina nahasten dira. Bere herriko historia eta kultur ondarea dira bere obraren ardatzak. Rapsodak, kaletarrak, nekazariak, idazleak, funtzionarioak, agintariak... Literatura utopikoaren ukitua du bere lanak. Homeroren eta Kafkaren eraginak nabari daitezke bere liburuetan. Nabarmentzekoak dira "Ametsen jauregia", "H. dosierra" edota "Hiru arkuko zubia" eleberriak. Azken biak euskaraz irakur ditzakegu.