Islandiak museo bat irekiko du 1615ean euskal balea-arrantzaleen hilketaren oroigarri
Djúpavik-en kokatuko da, herrialdearen ipar-ekialdean dagoen herrian. Islandiar Gobernuak babestutako proiektua da eta 2025. urtean irekiko da.
XVII. mendeko euskal balea-arrantzaleen ohiko geltokis zen Islandia. Bertako biztanleriaren eta euskaldunen arteko harremana ona izan zen. Hainbeste, ezen, elkar ulertu zitezen, hizkuntza komun moduko bat sortzera iritsi zirela, pidgin deitutakoa. Alta, 1615ean guztia okertu zen: hiru galeoi gipuzkoar hondoratu egin ziren, bertako biztanleria gosea igarotzen ari zenean, inoizko nekurik latzena igarotzen ari baitziren. Horrek euskaldunen eta islandiarren artean tentsio egoerak sortzea eragin zuen eta bertakoek 32 euskal arrantzaleak hiltzen amaitu zuten. Gertaera historiko eta tragiko hau "euskaldunen hilketa" moduan ezagutzen da eta bertako artxiboetan bilduta geratu zen.
Lau mende geroago, Islandiak jazoera honi buruzko museo bat irekiko du. "Baskasetur" deituko da eta ipar-ekialdeko Djúpavik herri txikian kokatuko da. Herria, etxe gutxi batzuk, hotel batek eta beste museo batek osatzen dute. Bertako agintariek uste dutenez euskaldunak Djúpavik-en bertan hondoratu ziren edo hegoalderago kokatua dagoen Hólmavik fiordoan. Horregatik erabaki dute 2025. urtean irekiko den museoa bertan kokatzea. Obrak hasi dira jada.
Egitasmo honen bultzatzaileak bertako biztanleak dira. Islandiar Gobernuaren eta Europar Batasunaren babes ekonomikoa dute. Museoak 1615. urteko jazoera gogoratuko du eta forma biribileko hiru eraikin izango ditu.
Proiektua jada paperean islatua dago. Museoa hiru alditan banatuko da: lehena 1615. urtearen aurreko garaian erdiratuko da, islandiar eta euskaldunen itsas historia azalduz; bigarrenak hilketa azalduko du, jazoera historiko honetan gertatu zena argituz; eta hirugarrenak, bi eskualdeen gaur egungo egoera erakutsiko du.
Gainera, proiektuak erakusketak eta gaiarekin lotutako askotariko ekitaldiak ere antolatuko ditu. Horien artean bi herrialdeek sortutako hizkuntza, birziklapena, zaborretik abiatuta sortutako musika instrumentuak eta euskal balea-arrantzaleen historiarekin lotuta fiordoetara bisitak. Bertako gastronomiak eta euskaldunonak ere lekua izango dute. Laburbilduz, Islandia eta Euskal Herriaren arteko elkartze bat izango da.